Politika -
Irailak 11
Diada eguneko 'V' manifestaziorako 400.000 lagunek eman dute izena
Kataluniako Asanblada Nazionaleko presidenteak adierazi du kopuruak gora egin behar duela 'Kataluniaren historia aldatzeko'.
Erredakzioa
400.387 lagunek izena eman dute ANC Kataluniako Asanblada Nazionalak eta Omnium Culturalek Diada egunerako (irailak 11) deitutako manifestazioan parte hartzeko. "V" erraldoi batekin Bartzelonak Diagonal eta Gran Via etorbideak independentziaren aldeko manifestazio batekin betetzea da helburua. Iazko Diadan 455.000 lagunek eman zuten izena giza katean parte hartzeko.
Carme Forcadell ANC Kataluniako Asanblada Nazionaleko presidenteak eta Muriel Casals Omnium Culturaleko presidenteak prentsaurrekoa eskaini dute ostegun honetan "V" itxurako mobilizazioaren inguruko xehetasunak emateko. Forcadellek baieztatu duenez, kopuruak gora egin behar du "Kataluniaren historia aldatzeko". Halaber, manifestazioa arrakastatsua izan dadin lortzeko deia egin du.
"V" itxurako manifestazioarekin Diagonal eta Gran Via etorbideak bete nahi dituzte. Antolatzaileek hainbat zatitan banatuko dituzte etorbideak eta horiek elkartuz joango dira Glories Catalanes plazan elkartu arte. Mobilizazioaren lau tarte osatzeko pertsona gehiago behar dituzte: 6, 10, 37 eta 55 tarteetan. 6 eta 10 tarteak Macia eta Pius XII plazaren artean daude, eta 37 eta 55 tarteak, berriz, Gran Vian.
11 kilometro eta 200.000 metro karratuko azalera izango duen V erraldoia sortu aurretik, bi manifestazioetako buruek aurrera jarraitu eta "A-9an bozkatuko dugu, A-9an irabaziko dugu" lema sortuko dute.
"Europako historian izan den manifestazio jendetsuena izatea nahi dugu, Diada hau behin betikoa dela ziurtatzeko" eta "lurralde berri bat" sortzen hasteko, esan du Carme Forcadell ANCren presidenteak. Artur Mas presidenteak, behin manifestazioa amaituta, antolatzaileei harrera egin nahi die.
"Adiskidetzea"ren aldeko bigarren manifestazio bat Tarragonan
Bestalde, bereizketaren eta azaroaren 9ko galdeketaren aurkako Societat Civil Catalan-a plataformak bigarren manifestazioa bat deitu du Tarragonan, irailaren 11rako. Gobernuak egingo duen manifestazio "gerrazalearen" aurrean "adiskidetzearen" aldeko ospakizuna egin nahi dutela eman du jakitera plataformak.
Ekitaldiak irailaren 11n egingo dira "Recuperem el seny, recuperem la senyera" lemapean (zentzua berreskuratuko dugu, "senyera" berreskuratuko dugu). 50 metroko "senyera" bat aurrean dutela, arratsaldeko 18:30an abiatuko da manifestazioa Rambla Vellatik Afiteatrora.
Gainera, aurreko egunean, irailaren 20ean, lehen orduan, Rafael Casanovaren hilobiaren aurrean elkartuko dira, Sant Boi de Llobregaten (Bartzelona).