Politika -
CDCren Biltzar Nazionala
Masek ohartarazi du ez dutela 'ezezkoaren frontea' osatzea onartuko
Bestalde, Saenz de Santamariak beste behin esan duenez, "ez da erreferendum sezesionista egingo" eta Kataluniako Parlamentuak onartuko duen kontsulten legeak ezin du azaroaren 9ko galdeketa babestu.
Erredakzioa
Artur Mas Kataluniako presidenteak eskerrak eman dizkie PSC, Unio eta Ciutadans alderdiei, PPk subiranotasunaren kontra fronte bat sortzeko egindako proposamena ezeztatzeagatik, eta kontsultaren aurka egotea eta independentziaren kontra egotea ez nahasteko eskatu du: "Ez dugu 'ezezkoaren fronte' bat onartuko, A9an ez bozkatzeko".
Masek CDCden Biltzar Nazionalean egindako hitzaldian, atzo Badalonan Maria Dolores de Cospedal PPren idazkari nagusiak PP, Unio, PSC, Ciutadans eta UPyD alderdiek koalizio bat osatzeari buruz egindako proposamena izan du hizpide.
Gaurko Biltzar Nazionalean Zuzendaritza berria onartu dute gainera, militanteen % 92,69k alde bozkatu eta gero. Josep Rull da Zuzendaritza berriko bigarrena berretsi dute CDCreb zutabe gisa, eta gainerako kideen izendapena ere onartu dute bozketan.
Rullek alderdi "berri" bat sustatzea eskatu du, "herrialde independente eta aske berri bat" lortzeko.
Gobernuak abisua eman du berriz
Diada ospatzeko bost egun falta direla, Espainiako Gobernuak berriro esan du "ez dela erreferendum sezesionista egingo" eta Kataluniako Parlamentuak onartuko duen kontsulten legeak ezin duela azaroaren 9ko galdeketa babestu.
Soraya Saenz de Santamaria Espainiako Gobernuko presidenteordeak egin ditu adierazpenak oraingo honetan, Kataluniako PPren Batzorde Politikoaren itxiera ekitaldiko hitzaldian. Horrez gainera, Espainia krisialditik ateratzen ari dela eta "erantzukizunez jokatzeko" deia egin du, susperraldia "atzeratu" dezaketen "erabaki okerrak" alde batera utziz.