Politika -
Agerraldia Madrilen
Udal hauteskundeetara aurkeztuko ez dela iragarri du Ana Botellak
"Eginbeharra bete" duela uste du Madrilgo alkateak. Horrela, bere bizitzako "aldi oso garrantzitsu" bat bukatutzat jo du.
Erredakzioa
Datorren urteko udal hauteskundeetara aurkeztuko ez dela iragarri du gaur Ana Botella Madrilgo alkateak. Mariano Rajoy PPko presidenteari erabakiaren berri eman diola erantsi du Botellak.
Cibeles jauregiko areto instituzionalean ustekabeko agerraldia egin du alkateak. Botellak ez du galderarik erantzun. Legealdia amaitu arte Udala zuzentzen jarraitzeko konpromisoa agertu du agintariak.
2003an Madrilgo Udalaren zinegotzi izateko aukeratu zutela gogorarazi du Botellak. Orduz geroztik "lan etengabea" egin duela goraipatu du. Horrela, hiru legealditan zehar erantzukizuneko karguak izan dituela esan du.
"Aldi oso garrantzitsua"
"Eginbeharra bete" duela azaldu du Madrilgo alkateak. Horrela, bere bizitzako "aldi oso garrantzitsu" bat bukatutzat jo du. Udal Gobernuko kideek lagundu dute agerraldian.
Agintaldia bukatzen denean krisia gainditzeko "esfortzu" handiaren balantzea egin ahal izatea espero du alkateak. Zerbitzu publikoak eta kohesio soziala mantendu dituela defendatu du. Susperraldia eta lanpostuak sortzea espero duela gaineratu du.
"Hau iragarpen bat baino ez da, oraindik ez da agurra", goraipatu du Botellak. Alkatearen hitzetan, bere Gobernuak lanerako hilabete asko ditu aurretik, eta baita "bukatzeko" proiektu asko ere.