Politika -

Kataluniako galdeketa

Rajoyk Konstituzionalaren erabakia ziurtzat jotzea kritikatu du EAJk

Josu Erkorekaren iritziz, "denok dakigu" Konstituzionalak Kataluniaz hartuko duen erabakia zein izango den, baina "penagarria" da Gobernuak "modu esplizituan aitortzea".

Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzaren bozeramailea. Argazkia: EiTB
Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzaren bozeramailea. Argazkia: EiTB
Erkorekarentzat 'negargarria' da Rajoyren jarrera Kataluniarekiko

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko presidenteak Auzitegi Konstituzionalak Kataluniako galdeketa debekatuko duela "ziurtzat jotzea" kritikatu du Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak. Horren iritziz, jarrera horrek ez dio auzitegi horren "objektibotasunari eta neutraltasunari inolako mesederik egiten".

Euskadi Irratiari eskainitako elkarrizketan adierazi duenez, "denok dakigu" Auzitegi Konstituzionalak gaiaz hartuko duen erabakia zein izango den, eta "ez nau harritzen", baina "penagarria" da Gobernuak "modu esplizituan aitortzea".

Kataluniako Gobernuak galdeketa eginez gero, Espainiako Gobernuak ez du hartuko dituen neurrien gaineko xehetasunik eman. Horri buruz galdetuta, Erkorekak esan du ez duela pentsatu ere egin nahi neurri "traumatikoak" hartuko direnik, hala nola "Guardia Zibila bidaltzea edo hautetsontzien antolaketa saihesteko hertsadura fisikoak aurrera eramatea".

Oriol Junquerasek galdeketa debekatuz gero desobedientzia zibilerako egin duen deia dela eta, duela hamar urte Euskadin Ibarretxe Plana aurkeztu zenean gisa horrelako adierazpenak egin zirela adierazi du Erkorekak, baina azkenean "legezkotasunetik ateratzea ez dela komenigarria" erabaki zela.

Katalunian gertatuko denaren aurrean Euskadin eman litekeen erantzunaz galdetuta, kataluniarrei Euskal Herriaren babesa inoiz ez zaiela faltatu eta ez zaiela faltako nabarmendu du. Eusko Jaurlaritzak "erabakitzeko eskubidearen aldeko eta Rajoyren gobernuaren jokatzeko moduaren kontrako adierazpenak" egin dituela gaineratu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Rajoy albisteak