Politika -
Frankismoko krimenak
NBE: 'Desagertuen bilaketari lehentasuna eman behar dio Espainiak'
Biktimak aurkitzeko ekimen gehienak Estatuko erakundeen eskutik etorri beharrean senitartekoek edo elkarte zibilek aurrera eraman behar izatea deitoratu du NBEko Desagerpenen Lantaldeak.
Erredakzioa
Gerra Zibilean eta frankismoan desagertu ziren pertsonen bilaketari lehentasuna eman behar dio Espainiak, Nazio Batuen Erakundeko Desagerpenen Lantaldeak azaldu duenez.
Espainiari buruzko txostena gaur aurkeztu dute NBEko Giza Eskubideen Kontseiluan. "Demokrazia itzuli zenetik, pauso garrantzitsuak eman dira egia, justizia, memoria eta ordaina ziurtatzeko, baina pauso txikiak izan dira", dio txostenak.
Lantaldeak Espainia bisitatu zuen 2013an, irailaren 23tik 30era bitartean. "Ekimenak Estatu politika iraunkor, laguntzaile, koherente eta ulerkor baten parte izatea ziurtatzeko" Gobernuak "bere erantzukizuna eta eginkizuna" bete behar dituela uste du NBEk.
Bilaketa pribatua
Orain arte biktimak aurkitzeko ekimen gehienak Estatuko erakundeen eskutik etorri beharrean senitartekoek edo elkarte zibilek aurrera eraman behar izan dituztela deitoratu du lantaldeak. Horrek partikularren "frustrazioa" areagotzen duela salatu du NBEk, Gobernuaren laguntzarik ez dutelako.
Nahiz eta 2007an Memoria Historikoaren Legea onartu, arauak "aurrekonturik ez" duela kritikatu dute adituek.
Gainera, "Amnistiaren Legea indarrean egotea, desagerpen auzi guztien zigorgabetasuna, informazioa lortzeko lege baten gabezia eta artxiboetara jotzeko zailtasunak" beste erronka batzuk direla azaldu du lantaldeak.
Gizateriaren aurkako krimenek eta gerra krimenek ez preskribatzeko Hitzarmenari babesa ematea eskatu dio taldeak Espainiari.