Politika -
Eztabaidaren bigarren eguna
Alderdiek Masi erantzungo diote gaur Parlamentuan
Atzo, Kataluniako presidenteak iradoki zuen hauteskundeak aurreratuko dituela kontsulta egiteko berme demokratikorik ez badago, eta agur usaina hartu zioten horri alderdi konstituzionalistek.
Erredakzioa
Talde parlamentarioen txanda izango da gaur 09:00etatik aurrera Kataluniako Politika Orokorreko Eztabaidaren bigarren egunean, azaroaren 9ko kontsulta hizpide. Artur Mas Generalitateko presidenteak talde parlamentarioei erantzungo die, kontsulta egiteko berme demokratikorik ez badago hauteskundeak aurreratuko dituela iradoki eta biharamunean.
2014ko bukaerak "Kataluniako historian mugarria ezarriko" duela ziurtatu zuen atzo Artur Mas Kataluniako presidenteak. Masen ahotan, Generalitateak eta Parlamentuaren gehiengoak kontsulta deitzeko "borondatea eta ausardia" dute.
"Politika orokorreko eztabaida aurten une erabakigarrian heldu da gure herriarentzat, orainari eta etorkizunari begira. 2014ko amaierak Kataluniako historian mugarria ezarriko du. Onerako izatea espero dut", esan zuen Kataluniako presidenteak.
Gainera, azaroaren 9ko kontsulta "erabateko berme demokratikoekin" egiterik ez badago, hauteskundeak aurreratzeko aukerari ateak zabaldu zizkion Kataluniako presidenteak.
Azaroaren 9an legezkotasunaren barruan bozkatu ahal izatea "espero" du Generalitateko buruzagiak, emaitza "argi eta garbi eta demokratikoki mundu guztiak onartzeko".
Legealdia 2016an amaitu nahi duela errepikatu zuen Masek, "ahal baldin bada", baina ez dago bere eskuetan "bakarrik", haren esanetan. Helburua betetzeko, "azaroaren 9an berme demokratiko guztiekin bozkatu beharra dago", nabarmendu zuen.