Politika -
Frantzia
Sarkozy politikaren lehen lerrora itzuli da
Frantziako presidente ohiak esan du itzulera “boterearen aurka” hazten ikusi duen “etsipenaren oldeari” erantzuteko izan dela. Sarkozy alderdiko presidentetzarako hautagaia izango da.
Erredakzioa
Nicolas Sarkozy Frantziako presidente ohiak politikara itzuliko dela iragarri du ostiral honetan. UMP alderdi kontserbadoreko presidentetzarako hautagaia izango da. Bi hilabete barru izango den kongresu batean erabakiko dute.
Mezua Facebook sare sozialean jarri du. Itzulera herrialdeagatik sentitzen duen maitasunagatik dela justifikatu du.
“Frantzia gehiegi maite dut; eztabaida publikoaren eta herrikideen etorkizunaren jarraitzaile sutsua naiz, orain nagusi den desesperatzeko moduko ikuskizunera kondenatuta daudela ikusteko”, azaldu du politiko kontserbadoreak.
Frantziako presidente ohiak esan du itzulera “boterearen aurka”, “batik bat politikatik gertu eta urrun dagoen guztitik”, hazten ikusi duen “etsipenaren oldeari” erantzuteko izan dela.
“Frantses askorengan sumatu dut ezertan ez inorengan ez sinesteko tentazioa”, nabarmendu du Sarkozyk.