Politika -
Ertzaintzaren LEP-a
Beltran de Heredia: Helegiteak PPren desadostasunak utzi ditu agerian'
Lan Eskaintza Publikoa geldiaraziko balitz, Jaurlaritza "ez da besoak gurutzatuta geratuko".
Erredakzioa
Estefania Beltran de Heredia Segurtasun sailburua haserre mintzatu da gaur Espainiako Gobernuak Ertzaintzaren Lan Eskaintza Publikoaren (LEP) kontrako helegitea aurkeztu berritan. Haren esanetan, helegiteak agerian utzi ditu Euskadiko Alderdi Popularraren "sinesgarritasun eza eta alderdi horren baitako desadostasun politikoak".
Ertzaintzaren egoitzan egin ditu adierazpenok Beltran de Herediak. Haren ustez, helegiteak nabarmen utzi du Euskadiko Alderdi Popularra, Rajoyren gobernuaren erabakietan "eragiteko duen ahalmen txikia" eta alderdi barruan dauden "desadostasun politikoak" azaleratuta.
"Ez du ezertxo ere ulertzen. Euskadiko Alderdi Popularraren sinesgarritasuna ezbaian dago, agerian geratu da Mariano Rajoyren gobernuan eragiteko duten ahalmen eskasa dela. Arabako Alderdi Popularrak ertzain-etxe gehiago eskatu ditu eta ez du honen inguruko ezer ere esan. Helegiteak Euskadiko Alderdi Popularraren baitan desadostasunak daudela utzi du agerian", nabarmendu du.
Dena dela, epaitegiek LEPa geldiarazten badute, "Eusko Jaurlaritza ez da besoak gurutzatuta geratuko" eta egoera bere onera ekartzen saiatuko da. Hori horrela, Jaurlaritza Ogasun eta Barne Ministerioarekin negoziatzen ari da, "atzera egin" eta helegitea erretiratu dezaten.
Honen ildoan gogorarazi duenez, Ertzaintzaren 8.000 agenteak Segurtasun Batzordean bi gobernuek adostutako neurria da eta, beraz, horren kontura aldaketarik izatekotan, alde biko erakunde horretan negoziatu beharko litzateke.
Herediaren esanetan, Ertzaintzaren "eraginkortasuna" bermatzeko beharrezkoa da urtero LEPak egitea eta agente kopuruari eustea da. Izan ere, hori egin ezean, ohartarazi duenez, "10 urte barru agenteen erdia edukiko dugu".
LEP "bere horretan" mantentzeko Ministerioaren eskaintza dauka Eusko Jaurlaritzak, PPren arabera
Nerea Llanos Euskadiko Alderdi Popularreko idazkari nagusiak baieztatu duenez, Eusko Jaurlaritzak Ministerioaren eskaintza bat jaso du "formula batean aplikazioaren baitan Ertzaintzaren Lan Eskaintza Publikoaren 120 lanpostuak mantentzeko". Hala, Iñigo Urkulluren Gobernuari "biktimarena egitea" eta lan eskaintza publikoa "bere horretan ez mantentzea" interesatzen bazaio, "esateko" eskatuko dio.
Euskadiko PP Lan Eskaintza Publikoko (LEP) lanpostuak mantentzearekin "erabat ados" dago, Llanosen arabera. Horren iritziz, deialdiaren helburua ez da soilik "hutsik dauden lanpostuak betetzea", eta "Segurtasun Batzordean 8.000 ertzain egoteko akordioa" lortu zela azpimarratu du. Azaldu duenez, "egia da interpretazio hori ez dela egin", eta Estatuko aurrekontu orokorretan ezarritako muga tarteko "Eusko Jaurlaritzari eskaera bat egin zitzaion". "Ez dakit Eusko Jaurlaritzak azaldu zuen, guk bai", gaineratu du.
Euskadiko popularren buruak adierazi duenez, Espainiako Gobernuak Jaurlaritzari esan dio "zati bat hutsik dauden lanpostuekin bete" daitekeela eta, beste zatia, Eusko Jaurlaritzaren Lan Eskaintza Publikoan nahikoa lanpostu atera ez direnez, "gainerakoek bete dezakete". "Espainiako Gobernuak konpromisoa hartu du formula hori erabiliz gero, helegitea kendu egingo duela", gaineratu du.