Politika -

2012ko greba orokorra

'Askegunea' deitu dute Deustun, grebalariei 'elkartasuna adierazteko'

Urtzi Martinez eta Jon Telletxea zigortutako gazteak gaur azaldu behar ziren espetxean, "baina ez dira azalduko, desobedientziaren bidea aukeratu baitute".

'Grebalariak aske' plataformak elkarretaratzea egin du Bilbon. Argazkia: uriola.info
'Grebalariak aske' plataformak elkarretaratzea egin du Bilbon. Argazkia: uriola.info
'Grebalariak aske' plataformak elkarretaratzea egin du Bilbon. Argazkia: uriola.info

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Urtzi Martinez eta Jon Telletxea gazteei elkartasuna adierazteko ‘Askegunea’ antolatuko du ‘Grebalariak Aske’ plataformak datorren larunbatean, hilak 11, Deustuko Done Petri Plazan.

Martinez eta Telletxeari bi urte eta erdiko espetxe zigorra ezarri diete, 2012ko martxoko greba orokorrean izandako istiluetan parte hartu izatea egotzita. Gaur agortu da espetxean azaltzeko gazte biek zuten epea, eta euren burua ez dutela entregatuko iragarri dute Bilboko Albia Lorategian egindako elkarretaratzean.

Agerraldian, Grebalariak Aske plataformak adierazi du bi urte eta erdiko espetxe zigorra “gehiegizkoa dela” pintada batzuk egiteagatik eta “bidegabekeriak luze jo” duela salatu dute.

Elkarretaratzean 200 bat gaztek eta Ainhoa Etxaide (LAB), Nico Moreno edota Tasio Erkizia ezker abertzaleko ordezkariek parte hartu dute, Telletxea eta Martinezi “elkartasuna adierazteko” asmoz.

Martinez eta Telletxea Irantzu Yaldebere eta Aitor Fernandezekin batera epaitu zituzten, baina epaileak azken biak absolbitu egin zituen.

Auzia “muntai poliziala” eta “fartsa bat” izan dela salatu du gaur plataformak, “ertzainek manipulatutako frogak eta zantzurik gabeko testigantzak oinarri hartuta”.

Gazteak ez dira espetxean aurkeztu, “eta ez dira aurkeztuko”, desobedientziaren bidea aukeratu baitute. Hortaz, urriaren 11an, eguerdiko 14;00etan, ‘Askegunea’ antolatuko du plataformak, “ez zaituztegu bakarrik utziko” lelopean.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea