Politika -

Galdeketa Katalunian

Uniok boto askatasuna eman du independentziaren inguruko galderan

Azaroaren 9ko kontsultaren lehen galderari baietz bozkatzea adostu du UDC alderdiak; independentziaren inguruko bigarren galderari erantzuteko, berriz, boto askatasuna eman die alderdikideei.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Unio alderdiko kontseilu nazionalak "aho batez" erabaki du militanteei boto askatasuna ematea Kataluniako independentziaren inguruko galderan. Hala, arazoaren 9rako deitu duten kontsultako lehen galderari (Estatu propioaren ingurukoan) "baiezko argi eta erabatekoa" ematea adostu dute; independentziaren inguruko galderari erantzuteko, berriz, askatasuna ematea erabaki dute.

Josep Antoni Duran i Lleida buru duen alderdiak ohiz kanpoko batzar nazionala egin du igande honetan, azaroaren 9ko kontsultan independentziaren inguruko jarrera argitzeko asmoz. 350 kontseilari bildu dituen batzarraren ostean, Ramon Espadaler alderdiko idazkari nagusiak agerraldia egin du, eta, bertan azaldu duenez, militanteek "irizpide askatasuna" izango dute.

Hiru ikuspuntu Alderdiko estatutuetan biltzen denez, Katalunia subjektu "politiko" gisa aitortzen duen eredu konfederala defendatzen du Uniok, eta, sistema horretan aurrera egiteko moduen inguruan, bateko zein besteko jarrerak daudela adierazi du Espadalerrek: galdeketan "bai/ez" bozkatu beharra dagoela defendatzen dutenak; Konstituzioaren erreforma sakona beharrezkoa dela defendatzen dutenak; eta "Estatuaren gaitasun ezaren aurrean independentzia irtenbide bakarra" dela uste dutenak.

Ahots ezberdinen aurrean "errespetua" eta "zorroztasuna" oinarri hartuta, hiru orduko eztabaida egin dute eta, hiru jarrera horiek bat egin dezaten, boto askatasuna ematea erabaki du Uniok, alderdiko idazkari nagusiak azaldu duenez.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Kataluniako erreferenduma