Politika -

Eusko Legebiltzarra

Iñaki Oyarzabalek ordaindu du 6.000 euroko telefono faktura

EH Bilduk salatu du legebiltzarkide batek eta beste funtzionario batek 6.160 eta 2.295 euroko bi telefono faktura izan dituztela uztailean eta abuztuan.

Iñaki Oyarzabal PPren legebiltzarkidea. Argazkia: Efe
Iñaki Oyarzabal PPren legebiltzarkidea.
Iñaki Oyarzabal PPren legebiltzarkidea. Argazkia: Efe

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Iñaki Oyarzabal PPren legebiltzarkideak ordaindu dio 6.000 eurotik gorako sakelako telefonoaren faktura Eusko Legebiltzarrari, EiTBk jakin ahal izan duenez.

Marian Beitialarrangoitia eta Dani Maeztu EH Bilduko legebiltzarkideek prentsaurreko batean jakinarazi dutenez, Eusko Legebiltzarrak 2.295 eta 6.160 euroko bi faktura atzeman ditu ganberako langileen sakelakoen gastuen artean.

Gasteizko ganberako 107 langilek dute, tartean 75 legebiltzarkidek, tarifa finkodun sakelakoa lanerako. Hain justu, gastu finkoa baino dezente gehiago gastatu dutenez, dirutza hori euren poltsikotik ordaintzera behartu dituzte bi faktura hauen egileak.

Orain arte, Legebiltzarrak berak ordaintzen zuen tarifa finkoaz haratago gastatutakoa. Joan den astean, ordea, udan izandako bi faktura hauen afera aztertu zuen Legebiltzarreko Mahaiak eta, dirutza zenez, egileei euren poltsikotik ordainaraztea ebatzi zuen. Hala, aurrerantzean, Legebiltzarrak 100 euroko aparteko gastua baino ez du bere gain hartuko.

Beitialarrangoitiak eta Maeztuk gogorarazi dutenez, 8.400 euroko bi faktura hauek udako hilabetei dagokie eta abuztuan ez da lanik egiten Legebiltzarrean.

Hala, Maezturen hitzetan, "onartezina" da batzuen "arduragabekeria" Eusko Legebiltzarrak diru publikoz ordaindu behar izatea.

6.160 euro, abuztuko fakturan

Beitialarrangoitiak adierazi duenez, uztailean  3.026 euro gastatu zituzten legebiltzarkideek eta langile publikoek sakelakoan, horietatik 2.295 euro pertsona bakar batek.

Abuztuari dagokionez, gastua 6.691 eurokoa izan zen; 6.160 euro, faktura bakar bati zegokiolarik, Iñaki Oyarzabalenari hain zuzen ere.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Eusko Legebiltzarra