Politika -
Azaroak 9
Generalitateak eta ERCk desadostasunak ukatu dituzte
Kontsulta bertan behera uzteko epemugarik ez dagoela ziurtatu du Homsek, galdeketa "bideragarria" delako. Kontsulta "ziurtatzeko" Gobernuan sartzea eskatu dio CUPek ERCri.
Erredakzioa
Kontsulta bertan behera uzteko epemugarik ez dagoela ziurtatu du gaur Generalitateak, galdeketa "bideragarria eta azaroaren 9an egingo" delako. Horrela, parte-hartzaileen zerrendan izena emateko epeak luzatu dituzte. Honenbestez, ERCrekin harremanak hobetzeko keinua egin du Kataluniako Gobernuak.
"Kontsulta bideragarria da, azaroaren 9an egingo dugu eta jendeak botoa emango du. Zentzu horretan, ez dago 'deadline'rik", azaldu du Francesc Homs Kataluniako Exekutiboaren bozeramaileak prentsaurrekoan.
Bide orria alderdien batasuna bermatuz bete ahal izango ote duten galdetu diote Homsi. "Bai, noski baietz", erantzun du Generalitateko bozeramaileak.
ERC
Era berean, bere alderdiaren eta Artur Mas Generalitateko presidentearen arteko urruntzerik ez dagoela esan du Alfred Bosch ERCko diputatuak. Azaroaren 9an kontsulta egingo da, zalantzarik ez duela adierazi du Boschek.
"Guztia aurrera doa eta azaroaren 9an Katalunian eman beharreko botoaren berri eman beharko duzue zuek, ziur gaude, ez dugu zalantzarik", azaldu du Boschek.
CUP
Bestalde, kontsulta azaroaren 9an egingo dela "ziurtatzeko eta ahaleginak areagotzeko" Kataluniako Gobernuan sartzea eskatu dio Quim Arrufat CUPeko diputatuak ERCri.
"Faborez, Exekutiboan sartzeko eskatzen dizuegu, Gobernu barrutik kontsulta egingo dela ziurtatzeko", esan du Arrufatek Parlamentuan.
Diputatuen Kongresua
Bestalde, PPk, PSOEk eta UPyDk atzera bota dute ERCk Kataluniako kontsultaren debekuaren kontra aurkeztutako helegiteen harira Kongresuan aurkeztu duen ez-legezko proposamena. Aipatu hiru alderdiek argudiatu dute galdeketa autodeterminazio eskubidea gauzatzeko erreferenduma dela eta Konstituzioak horrelakorik aurreikusten ez duela.
Nolanahi ere, ERCk berretsi egin du azaroaren 9an katalanak bozkatzera joango direla eta “arazorik gabeko” jardunaldia izango dela.
Kongresuak Espainiako Gobernuari Kataluniako kontsulten legearen aurka eta Artur Masek galdeketa deitzeko sinatu zuen dekretuaren kontra ezarritako helegiteak erretiratzeko eskatzea nahi zuen ERCk.
Amaiurrek, EAJk, CiUk eta Izquierda Pluaralek soilik babestu dute ERCren ekimena.