Politika -
Heriotza
Felix Padin CNTko anarkista historikoa zendu da
Bilbotarra jaiotzez, frankismoko kartzela eta kontzentrazio esparru ugaritan egon zen.
Erredakzioa
Felix Padin CNTren militante historikoa, frankismo garaian kartzela eta kontzentrazio esparru ugaritan egon zena, hil da gaur goizean 98 urte zituela Miranda de Ebroko ospitalean, sindikatuak jakitera eman duenez.
Padinek Miranda de Ebroko auzitegian deklaratu zuen abuztuaren 4an Maria Servini epaile argentinarra ikertzen ari den auziaren baitan. Padinen kasua bereziki garrantzitsua zen, bizirik zegoen gerra osteko errepresaliatu bakanetakoa zelako.
Aipatu deklarazio hartan, CNTko militante historikoak "justizia eta konponketa morala" eskatu zizkion epaileari.
Bilbotarra jaiotzez, Padin Gazte Libertarioen kide izan zen, eta Franco armekin altxatu zenean, sarjentu eta teniente izan zen Espainiako Errepublikako Isaac Puente eta Durruti batailoietan.
CNTk gogora ekarri duenez, sindikatuko militante historikoa kartzela eta kontzentrazio esparru ugaritan egon zen, eta frankismoak "esklabo bezala lan egitera behartu zuen".