Politika -

Bilera sorta

Quirogak 'bidelaguna' aukeratzeko eskatu dio lehendakariari

Hala ere, PPren buruak euskal erakundeen egonkortasuna lortzeko laguntzeko prest dagoela esan dio.

Arantza Quiroga bileraren osteko prentsaurrekoan. Argazkia: EiTB
Arantza Quiroga bileraren osteko prentsaurrekoan.
Urkullu lehendakariak Arantza Quiroga hartu du

0:49

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Arantza Quiroga PPren EAEko presidenteak euskal erakundeei egonkortasuna emateko beharrezko laguntza eskaini dio gaur Iñigo Urkullu lehendakariari, baina "bidelagunak" aukeratzeko eskatu dio, "aurrerakuntza" eskaintzen dutenen eta "identitateez" hitz egiten dutenen artean.

Quiroga lehendakariarekin bildu da gaur bi ordu eta erdi inguruz, Urkulluk "herrialdearen etorkizunaz" hitz egiteko oposizioko alderdiekin ireki duen bilera-sortaren barruan.

"Azken urteotan lehendakariak sekula ez du izan horrenbeste alderdiren prestutasuna kudeaketan laguntzeko", azpimarratu du buruzagi popularrak bileraren ostean.

Horren harira, Quirogak esan du lehendakariarekin bat egiten duela egoeraren diagnosian, krisi ekonomikoaren "larritasunean" eta aurrean dituen erronketan.

Egoera horri aurre egiteko, "Euskadiren etorkizunean inplikatuta dauden" eragile guztien "elkarrekintza" beharrezkoa dela azpimarratu omen dute biek, eta "lidergoa" ere ezinbestekoa dela "denak norabide berean joan daitezen".

"Bidelagunak"

Quirogak berretsi du bere alderdia euskal erakundeei egonkortasuna emateko prest dagoela. Horregatik, "pilota lehendakariaren teilatuan" dagoela esan du, eta berari dagokiola "bidelagunak hautatzea".

"Lehendakariaren esku dago euskal herritarren ongizaterako bide eta errezeta onena aukeratzea. Bere esku dago aurrerakuntzaren eta egonkortasunaren bidea aukeratu, ala distrakzioena, aitzakiena eta identitateena”, gaineratu du.

Buruzagi popularrak azpimarratu du PPk "ordainik gabe" egiten dituela akordioak. Hori dela eta, "leialtasun osoz" lan egiteko borondatea helarazi dio Urkulluri, "Euskadi hobea eta justuagoa lortzeko, Espainian eta Europan orain eta etorkizun argia izango duena".

Autogobernua

Autogobernuari dagokionez, Gernikako Estatutua "eguneratzeko" lanean jarduteko prest agertu da Quiroga, baina "hausturarik gabe".

"Autogobernua defendatzea Arabarena, Bizkaiarena eta Gipuzkoarena defendatzea da, eta testuinguru konstituzionala errespetatzea", adierazi du PPren buruak.

Gizarte laguntzak

Gaurko bileran, laguntza sozialak ere izan dituzte hizpide lehendakariak eta Quirogak, eta azken honek gizarte laguntza "errealistak, arduratsuak eta iraunkorrak" eskatu dizkio.

Horren harira, Lanbideren "kudeaketa txarra" salatu du, eta gustura agertu da PPk laguntzen sistemaz gogoeta egitera behartu duelako Jaurlaritza.

"Laguntzak oso beharrezkoak dira, baina elkartasunerako gaitasun hori edukitzeko herritarrok egiten dugun esfortzua justiziarekin lotuta egon behar da, gehien behar dutenei irits daitezen”, azaldu du.

Bilera-sorta honen baitan lehendakariarekin elkartu den hirugarren ordezkaria da Quiroga, aurretik Hasier Arraiz Sorturen bozeramailea eta Idoia Mendia PSE-EErena izan baitira.

Zoru etikoa eta Estatutua

Eusko Legebiltzarreko bake eta elkarbizitzarako batzordea askatzeko zoru etiko berri bat lortzeko lan egingo duela azaldu dio lehendakariak Euskadiko PPren presidenteari. Gainera, susperraldi ekonomikoa eta gizarte zerbitzuak Jaurlaritzaren lehentasunak direla argi utzi dio PPko buruzagiari. Bestalde, "Estatutua osorik betetzearen" aldeko apustua egin du Urkulluk.

Eusko Jaurlaritzako iturriek jakitera eman dutenez, gizarte zerbitzuen mapa bat zehazteko eta dekretu bat aurrera ateratzeko "ahalik eta adostasun zabalena" lortzea helburu duela ziurtatu du lehendakariak. Horretarako, "finantziazio egonkorra eta nahikoa" beharrezkoa dela esan du Urkulluk.

Era berean, espetxe politikan sakontzen jarraitzeko borondatea azaldu dio lehendakariak Quirogari, "kartzelako araudiak eskaintzen dituen bide guztiak aprobetxatzeko".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea