Politika -
Alderdi Sozialista
Pedro Sanchezek 4.443,7 euroko soldata, bi etxe eta kotxe bat ditu
Buruzagien errenta aitorpenak eta alderdiaren finantza informazioa eskegi du PSOEk bere webgunean. Alderdiak 64,55 milioi euroko zorrarekin itxi zuen 2013a.
Erredakzio
Pedro Sanchez Alderdi Sozialistaren idazkari nagusiak 4.443,7 euroko soldata garbia, garajedun bi etxebizitza, kotxe bat eta 19.144,2 euroko balioa duten akzioak ditu.
PSOEk zuzendaritzako kideen errenta aitorpenak, eta ondasun eta ondare datuak eskegi ditu bere webgunean. Horrez gain, alderdiaren finantza informazioa eman du. Datuok denon eskura utzita, "Espainiako alderdi gardenena da gaurtik PSOE".
Sanchezi dagokionez, diputatu lanagatik 2.025,99 euro eta talde parlamentarioko presidente izateagatik 1.547,15 euro jasotzen ditu hilero (14 ordainketa urtean). Horrekin batera, kilometroak eta tankerako gastuak ordaintzeko 870,56 euroko dietak ditu (hauek ere, 14 saritan banatuta).
Buruzagi sozialistak 420 euro ematen dizkio alderdiari (14 ordainketa urtean), eta84 euro ordaintzen ditu urtero afiliatu gisa.
Horrez gain, 30.000 euro balio duen Peugeot 407 bat du. Ondareari dagokionez, Madrilen garajedun bi etxebizitza ditu, 1992an eta 2008an erositakoak. Bigarrenaren gaineko hipoteka dauka Sanchezek Bankian, eta 127.220,75 euro ditu oraindik ordaintzeko.
Akzioen atalean, Red Electrican 15.834,3 euro ditu, eta Repsolen, berriz, 3.309,9 euro.
Ia 6.000 euro kontu korrontean
BBVAn 85.366,34 euroko pentsio plana du buruzagi sozialistak, eta, banketxe berean, 4.891,58 euro ditu kontu korrontean. Beste kontu batean, Triodos Banken, 1.555,27 euro ditu. Horrez gain, Gorteek eskainitako gizarte-aurreikuspeneko mutualitatean 14.525,34 euro ditu.
Ondasun eta errentaren alorrean, honako sarrerak ere aitortu ditu Sanchezek: 13.411,20 euro eskuratu ditu higiezinak alokatuta; 562,31, dibidendu gisa, eta 184,02 euro, interes moduan.
Azkenik, Kongresuak diputatu guztiei eskaintzen dien 35.000 euroko bizi eta istripu asegurua du Sanchezek BBVA banketxean.
Alderdiaren finantza informazioa
PSOEren datuei dagokienez, 2013a 64,55 milioi euroko zorrarekin bukatu zuen urtea, 2012an baino % 10 gutxiago.
2013ko datuei erreparatuta, 64,3 milioi euroko diru-sarrerak aitortu ditu Alderdi Sozialistak: 42,6 milioi euro diru-laguntza publikoen bidez lortu zituen; 11,7 milioi, afiliatuen eta kargu publikoen kuoten bidez, eta 14,80 milioi, beste diru-iturri batzuen bidez (dohaintzen bidez, esaterako).