Politika -
2015eko hauteskundeak
Arabako Ahal Dugu: 'Gure alderdia erabiltzea ez diogu inori onartuko'
Arabako alderdiak ez du oraindik erabaki 2015eko hauteskundeetan parte hartuko duen ala ez.
‘Podemos Araba-Ahal Dugu’ alderdiak ohartarazi du ez duela euren plataforma "paraxutistek edota iraganean politikagintzan aritu diren pertsonek" erabiltzea onartuko. Arabako alderdiak ez du oraindik erabaki 2015eko hauteskundeetan parte hartuko duen ala ez.
Alderdia aurkezteko agerraldia egin dute gaur Gasteizen eta, ekitaldi horretan, datozen urteko hauteskundeei begira ‘Ahal Dugu Arabak’ ez diola oraindik bere babesa inori eman argitu dute.
Arabako Ahal Duguk 9.400 boza lortu zituen Europako hauteskundeetan, lurralde horretako botoen % 9,36. Jasotako “konfiantza” horri eta “erantzun bat” eman nahi diotela argitu dute, “aldaketa sozial eta politikoa gauzatu ahal izateko”.
Esteban Guillén eta Daniel Rodríguez Ahal Duguko kideek adierazi dute oraindik ez dutela erabakirik hartu datorren urteko udal eta foru hauteskundeen inguruan. Ahal Dugu Araba markarekin hauteskundeetan parte hartzea da aukeretako bat, baita “zeharka” egitea ere (beste plataforma bati babesa emanez). Hirugarren aukera hauteskundeetara ez aurkeztea izango litzateke. Dena delakoa, azken erabakia Arabako kideek hartuko dutela azpimarratu dute. “Erabakia ez digute Madriletik inposatuko”, azaldu dute.