Politika -
Bermeo
Prebarikazioagatik inputatutako Bermeoko zinegotziak dimisioa eman du
Kontzientzia lasai duela eta epaileak inputatzen dizkion portaerekin zerikusirik ez duela berretsi du zinegotziak.
Erredakzioa
Juan Karlos Goienetxea Bermeoko Hirigintza zinegotzi eta alkate ohiak dimisioa eman du ostegun honetan, prebarikazioagatik eta influentzia trafikoagatik inputatua izan ostean. Epaileak Bermeoko 16 etxebizitzaren eraikuntzan aipaturiko delituak egin zituela uste du.
Kontzientzia lasai duela eta gauzak ongi egin dituenaren ustea duela aldarrikatu du Hirigintzako zinegotziak ohar batean. Halaber, Gernikako 2. instrukzio epaitegiko epaileak inputatzen dizkion jokabideekin zerikusirik ez duela berretsi du.
Sustatzaileak aipaturiko 16 etxebizitza horiek egin behar zituzten lursaila erosi zuen Udalak hirigintzan aldaketak onartu aurretik.
Goienetxearen ustez, EAJk gidatutako aurreko gobernu taldeak egin zituen ekintza horiek. EAJk, ordea, salaketa horiek ukatu egin ditu eta Goienetxeak EAko alkate zela 2004an sinatutako akordio baten ondorio izan zirela nabarmendu du.
Epaitegietan zabalik dagoen auzia kalte pertsonal eta politiko handia eragiten ari zaiola onartu du. Horren esanetan, "onartezina" da epailearen aurreko deklarazioa 2015era arte atzeratzea, eta hori dela eta, epailearen aurreko agerraldia aurreratzeko eskatuko du "guztia lehenbailehen argitzeko eta zalantzak denbora gehiagoan ez luzatzeko".
Auzia Bermeoko egungo gobernu taldearen eta, oro har, EH Bilduren kontra egiteko baliatzen ari direla salatu du.
Bestalde, Bermeoko Udalak epailearen autoaren kontrako helegitea jarri du.