Politika -
A9-ko kontsulta
Konstituzionalak atzera bota ditu Parlamentaren errekusazioak
Auzitegiaren arabera, "ezin da epaile bat errekusatu gai baten inguruan erabakia hartu aurretik irizpide juridikoa agertu zuelako".
Erredakzioa
Auzitegi Konstituzionalak atzera bota ditu Kataluniako Parlamentuak, inpartzialtasun faltagatik, Francisco Perez de los Cobosen eta Pedro Gonzalez-Trevijano epaileen kontra egin zituen errekusazio eskariak.
Aurreko ostegunean onartu zuen Parlamentuko Mahaiak errekusazioak aurkeztea, Espainiako Gobernuak Kataluniako kontsulten legearen eta deialdiaren dekretuaren kontra jarri zituen helegiteen prozesuaren baitan.
Auzitegi Konstituzionala asteartean hasi zen gaia aztertzen, eta aho batez erabaki du ez dagoela arrazoirik epaileen inpartzialtasuna zalantzan jartzeko.
Francisco Perez de los Cobos auzitegiko presidentearen kasuan, Konstituzionalak gogorarazi du ezin duela epairik eman 2013ko irailean ebazpena eman zuen gai beraren inguruan. Izan ere, atzera bota zituen Kataluniako Parlamentuaren eta Generalitatearen errekusazioak.
Ukatu egin du Perez de los Cobosek 2005ean, Konstituzionalean sartu aurretik, egindako adierazpen batzuk "inpartzialtasuna urratzen dutela".
Gainera, auzitegiaren arabera, "ezin da epaile bat errekusatu gai baten inguruan erabakia hartu aurretik irizpide juridikoa agertu zuelako".