Politika -

Gipuzkoa

'Bateragune' auziko bost presoak aske uztea eskatu dute Elgoibarren

'Euskal Herriak hartu hitza eta erabakia. Bostak askatu' lelopean, manifestariek Elgoibarko kaleak zeharkatu dituzte, presoak askatzea eskatzeko, kartzelatu zituztenetik bost urte bete direnean.

Manifestazioaren deialdiak hainbat arloko 200 ordezkari baino gehiagoren babesa jaso du
Manifestazioaren deialdiak hainbat arloko 200 ordezkari baino gehiagoren babesa jaso du
5 presoak askatzea eskatu dute Elgoibarren

1:53

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Milaka lagun kalera atera dira larunbat arratsaldean Elgoibarren (Gipuzkoa) 'Bateragune' auzia dela eta, garai horretan legez kanpo zegoen Batasuna berregiten saiatzea egotzita, espetxeratutako bost lagunak aske uztea eskatzeko.

'Euskal Herriak hartu hitza eta erabakia. Bostak askatu' lelopean (bi pankartatan banatuta), manifestariek Elgoibarko kaleak zeharkatu dituzte presoak (Arnaldo Otegi, Sonia Jacinto, Miren Zabaleta, Harkaitz Rodriguez eta Rafa Diez Usabiaga) aske uztea eskatzeko, espetxeratu zituztenetik bost urte bete direnean. Lehenengo pankarta politikako ordezkariek eraman dute, Bostak askatu zioena, ordea, presoen senideek.

Ildo politiko ezberdineko ordezkariek parte hartu dute manifestazioan. EH Bildu koalizioa osatzen duten alderdietako hamaika kide izan dira Elgoibarren, besteak beste, Pernando Barrena, Rufi Etxeberria, Hasier Arraiz, Tasio Erkizia, Jone Goirizelaia, Martin Garitano, Laura Mintegi, Josu Juaristi, Pello Urizar, Rafa Larreina, Rebeka Ubera, Jon Iñarritu eta Oskar Matute. Horiez gain, bertan izan dira Gema Zabaleta sailburu sozialista ohia eta Ainhoa Aznarez PSNko kidea, Javier Madrazo Ezker Batuko koordinatzaile ohia, eta Adolfo Muñoz (ELA), Javi Garnika (LAB) eta Jesus Uzkudun (CCOO) sindikatuetako ordezkariak. Halaber, Galiziatik BNGko kideak etorri dira; Kataluniatik, ordea, CUPeko eta ERCko ordezkariak.

Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusia, Juan Jose Ibarretxe lehendakaria, Jesus Eguiguren PSE-EEren presidente ohia, Adolfo Perez Esquivel Bake Nobel sariduna, Julio Anguita IUko koordinatzaile nagusi ohia, Carlos Garaikoetxea lehendakaria, Willy Toledo aktorea eta Joan Tarda ERCk kongresua duen diputatua dira, besteak beste, manifestazioaren deialdiari babesa agertu dioten pertsonetako batzuk.

Manifestariek isilean egin dute ibilbidea eta amaieran adierazpena irakurri dute. Bertan bost espetxeratuak askatzea eskatu dute, eta horrez gain eskaera horri ideologia ezberdinetako pertsonek babesa eman diotela azpimarratu dute. "Sonia Jacinto, Harkaitz Rodriguez, Rafa Diez, Miren Zabaleta eta Arnaldo Otegi dira neurri handi batean gaur egun Euskal Herrian bizi duen itxaropen eta ilusio egoeraren erantzule. Bake, askatasun, berdintasun eta giza eskubideekiko izan duten konpromisoak ez du duda izpirik onartzen", adierazi du komunikatua euskaraz irakurtzeko ardura izan duen Ainhoa Aznarezek.

Lois Perez La Izquierda plataformako ordezkariak Perez Esquivelen izenean idatzi bat irakurri du. Nobel saridunaren arabera, Espainiako Gobernua Arnaldo Otegi, Sonia Jacinto, Miren Zabaleta, Harkaitz Rodriguez eta Rafa Diez Usabiagarekin egiten ari dena "gizateriaren kontrako iraina" da. Halaber, horiek askatzea eskatu du "Euskal Herriko gatazka konpontzeko eta bakea lortzeko bermea direlako".

Erreakzioak

Pernando Barrena Sortuko bozeramaleak Bateragune auziagatik espetxean dauden bost lagunak "berehala" askatzeko eskatu du, eta "bakea defendatzeko eta gure etorkizuna libreki erabakitzeko alderdi politikoen eta eragile sozialen arteko estatu politika" aldarrikatu du.

Oskar Matuteren iritziz, (Alternatiba) bost lagunak espetxean mantentzea "Espainiako Gobernuaren errepresio eta mendeku estrategia baino ez da". "Euskal gizarteak espero duenaren kontrako norabidea doa, izan ere, euskal gizartearen gehiengoak bakearen eta baldintza demokratikoen bidea hasi nahi du", ohartarazi du.

Jon Iñarritu Aralarreko ordezkariak babesa eskaini die espetxeratuei. Horren esanetan, "bakearen alde borroka egiteagatik daude kartzelan". "Normalean bakearen alde lan egiten dutenei egindako lana aitortu eta saritu egiten zaie, baina Espainiar Estatuan preso jarraitzen dute mendekuagatik", gaineratu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Elgoibar