Politika -
Kataluniako kontsulta
Masek batasunerako deia egin die burujabetzaren aldeko indar katalanei
Kataluniako presidenteak azaroaren 9ko galdeketaren legezkotasuna berretsi du.
Erredakzioa
Artur Mas Generalitateko presidenteak batasunerako deia egin die galdeketaren alde dauden indar politiko guztiei. Gainera, arerioz ez nahasteko eskatu die "hori ez baitago Katalunia barruan", izan ere, "arerioa Estatua da, zentzu demokratikorik eta tolerantziarik ez duena".
CDC alderdiak festa eguna izan du gaur Manresan eta bertan alderdikideen aurrean batasun mezua bidali du, datorren azaroaren 9ko galdeketan katalanek beren etorkizuna erabakitzeko aukera izan dezaten. Horren iritziz, Kataluniaren historian mugarri izango da.
Auzitegi Konstituzionalak galdeketa debekatu egin zuen, baina kontsultaren aldeko alderdiak lanean ari dira katalanek beren etorkizuna erabakitzeko. Katalanek bozkatu dezaten "gehiengo soziala, politikoa eta instituzionala daukagu", eta alderdi katalanei batasunerako deia egin die.
"Gure indarguneetako bat batasun politikoa da eta horri eutsi egin behar diogu. Horregatik alderdiek aurkaria Kataluniatik kanpo dagoela eta Estatu espainiarra dela ulertzea garrantzitsua da", azpimarratu du Masek. Are gehiago, burujabetza prozesuaren inguruan "bat eginda" badaude "ziur aski ongi aterako" dela nabarmendu du.
Bestalde, estatu espainiarrari eraginkorrik eta tolerantziarik ez izatea eta agintzailea izatea egotzi dio. Are gehiago, katalanek beren etorkizuna erabaki ez dezaten Espainiako Konstituzioa "kaiola" bihurtzea salatu du.