Politika -
Bake-prozesua
Currin astebete edo bi aste barru izango da Euskal Herrian
Bake-prozesuari bultzada ematen saiatuko da abokatu hegoafrikarra, Lokarriko koordinatzaile nagusiak adierazi duenez.
Erredakzioa
Nazioarteko Harreman Taldea, Brian Currin abokatu hegoafrikarra buru duela, Euskal Herrian izango da datorren asteko amaieran edo hurrengoan, bake-prozesuari bultzada ematen saiatzeko, Paul Rios Lokarriko koordinatzaileak baieztatu duenez.
Onda Vasca irrati-kateari eskainitako elkarrizketa batean Riosek azaldu duenez, data zehazten dabiltza, eta "bake-prozesuan zeresana duten" erakunde eta pertsonekin hitz egingo dute, "prozesuak aurrera egin dezan ideia berriak aurkitze aldera".
Lokarriren koordinatzailearen aburuz, Currinek "analisirako eta irtenbideak emateko ahalmen handia du".
"Alderdi batzuekin konfiantza giroa sortzeko gai da, eta baita bake-prozesuan zeresana duten erakunde eta gizarte eragileekin ere. Hori bai, ezin dugu pentsatu Currin gure arazoak konpontzera etorriko denik, guk geuk konpondu beharko ditugu", erantsi du.
Abokatu hegoafrikarrak "alboko pentsamenduan asko lagundu du", Riosen esanetan. "Irtenbiderik ez zuten arazoen aurrean, beste ikuspuntu bat eman izan digu berak, eta irtenbideak bilatzen lagundu digu", goraipatu du Lokarriko koordinatzaileak.