Politika -
Imputazioa
EAJko bi buruzagiri diru publikoa bidegabe erabiltzea egotzi diete
Juan Cruz Nieves eta Iñigo Camino deklaratzera deitu ditu Barakaldoko epaile batek, ustez bertan lanik egin gabe Ibar Zaharra sozietate publikotik 300.000 euro inguru kobratzeagatik.
Barakaldoko 2. Instrukzio Epaitegiak Juan Cruz Nieves eta Iñigo Camino inputatu gisa deklaratzera deitu ditu 2015eko urtarrilerako, diru publikoa bidegabe erabiltzea eta Gizarte Segurantzari iruzur egitea egotzita.
Nieves Bizkaiko Batzar Nagusietan EAJko batzarkidea izan zen (1988-1999), Bizkaiko Foru Aldundiko Garraio diputatua ere bai (1999-2003), eta, ondoren, ia zazpi urtez, Bizkaiko Garraio Partzuergoko presidentea (2003-2011) . Camino, berriz, Radio Euskadiko (2000-2008) eta 'Deia' egunkariko (2009-2012) zuzendari izandakoa da, eta, egun, EAJren aholkulari lanetan ari da. Bizkaiko Batzar Nagusietako prentsa-zerbitzuko zuzendaria da.
Ibar Zaharra sozietate publikoko gerentziako kide izateagatik jaso zuten dirua justifikatu, eta diru hori jasotzeko egindako lana argitu beharko dute epaile aurrean biek. Izan ere, fiskalaren txostenaren arabera, Ibar Zaharra enpresan inoiz lanik egin gabe 300.000 euro inguru jaso zituzten bien artean.
ETBn egin dioten elkarrizketan, kasu honi buruz galdetu diote Joseba Egibar EAJko bozeramaileari. Egibarrek errugabetasun printzipioa aldarrikatu du. Horren hitzetan, "inputazio hutsa ez da nahikoa, inputatzea oso erraza delako", eta EAJk alderdikideen jokabideak zaintzeko "barruko tresnak" badituela eta hartu beharreko erabakiak hartuko dituela gaineratu du.