Politika -

Analisia

Atzera bueltarik ez

Orain arte, ondo neurtutako anbiguotasuna erabili duen arren, gaur Masek ezkutatuta izan dituen kartak jarri ditu mahai gainean.

Iñigo Herce | EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Kataluniako presidenteak dituen eskumenen baitan kontsulta alternatiboa deituta, parte-hartze prozesu bati bidea emanez, inoizko pausorik garrantzitsuena eman du; Masentzat eta Kataluniako erakundeentzat eta gizartearentzat atzera bueltarik ez duen erabakia da. Ez hori bakarrik: Espainiako Estatua egiturazko erronka historiko baten aurrean jarri du Kataluniak.

Orain arte, ondo neurtutako anbiguotasuna erabili duen arren, gaur Masek ezkutatuta izan dituen kartak jarri ditu mahai gainean. Emandako hitzari eutsiz, azaroaren 9rako galdeketa bideratuko duela agindu du, legearen zirrikituen babespean. Hitzordua ez dela behin betikoa izango ere aurreratu du. Legearen mugak kontuan hartuta, hasieran hartutako bidetik aurrera egitea ez dela posible onartuta, "hautetsontziak eta boto-paperak" jarriko dituela ziurtatu du. Subiranotasunaren aldeko indarren artean (ERC eta Kataluniako Asanblea Nazionala, batez ere) aukera berri honek ezinegona sortu duen arren, Masek hartutako konpromisoa gauzatzeko bidean aurrerapausoa eman du, zalantzarik gabe. Ikusteko dago erabakiak zein ondorio politiko eta legal ekarriko dituen, batez ere, Masentzat. Estatuarekin dituen josturak ahalik eta gehien behartu ditu presidenteak. Orain, Estatuari dagokio erabakia hartzea: eskua sartu edo aurrera egiten utzi, muturreko sektoreen presioari aurre eginez.

Azaroaren 9tik aurrerako bidaia-orria ere argitu du Kataluniako buruak. Hitzetik hortzera zebilen sekretua bazen ere, gaur presidenteak berak jakinarazi du plebiszitu-hauteskundeak deitzeko aukera gordeta duela. Dena edo ezer ez. Subiranotasunaren aldeko indarrak elkarrekin, programa bakarrarekin, joatea litzateke Masen helburua. Erreferendum bat. Hordago bat, goitik eta behera. Masen hitzetan, "behin betiko kontsulta" izango litzateke, legearen babes eta nazioartearen onarpen osoa izango lukeena.

Behin jokaleku honetara iritsita, Masen proposamen bikoitzari Madrilek eta Bartzelonak emango dioten erantzunari so daude denak. Kataluniako presidenteak Espainiari begiratu ere ez dio egiten, eta bere ahalegin eta itxaropen politiko guztiak Kataluniara begira bideratuta ditu. ERC alderdiak pausoa aldatu eta Masek proposatutako bide berriarekin bat egingo duen ikusteko dago; hori jakindakoan, subiranotasunaren aldeko blokearen haustura aldi baterako edo betirako den argituko da. Horregatik, Espainiatik etor daitezkeen oztopoei muzin egin, eta Kataluniako indarretan jarri du begirada Masek.

Katalunian abian jarri den prozesu politikoak akordiorako tarte eskasa ematen duela agerian geratu da. Masek bere indar politiko guztia jarri du jokoan. Nazioartea inteligentzia demokratiko eske ari zaio Espainiako Estatuari: azken mende honetako korapilorik zailena du askatzeko Espainiak. Badirudi, ezetza edota isilik geratzea ez direla aukerarik egokienak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Kataluniako erreferenduma gaur