Politika -
Elkarrizketa Radio Euskadin
Erkoreka: 'Kataluniako arazoa ez da arau juridikoekin konpontzen'
Katalunian "irtenbide politikoa behar duen arazo politiko bat" badagoela aitortu behar du Rajoyk, Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak azpimarratu duenez.
Erredakzioa
Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramailearen aburuz, Mariano Rajoyren gobernuak ezingo du Kataluniako arazoa arau juridikoekin konpondu. Izan ere, horren hitzetan, "Kataluniako 'tsunamia' ez da arau juridikoak behin eta berriz erabilita geldiarazten".
Rajoyk Kataluniako aferari aurre egiteko modua kritikatu du Erkorekak Radio Euskadiri eskainitako elkarrizketa batean. Jaurlaritzaren eledunaren esanetan, Espainiako Gobernua "izugarrizko egoskorkeriaz" aritu da. Erkorekak nabarmendu duenez, "Gobernu zentrala burugogorra izan da, eta ez du irtenbide politikoa behar duen arazo politiko bat" badagoela aitortu nahi izan.
"Argudio juridikoen atzean babestu da Espainiako Gobernua, Estatuko abokatuaren jarrera da hori. Ondo deritzot alor juridikoan aholkua bilatzeari, baina, mota honetako arazo bati heldu behar diozunean, irtenbide juridikoak ezin dira lehen planoan egon", esan du.
Erkorekaren ustez, Rajoyri "erreflexuak, malgutasuna eta trebetasuna falta izan zaizkio". Jaurlaritzaren bozeramailearen arabera, "uste dut Gobernu zentralak baduela oraindik erronka handi bat: Kataluniako gizartearen gehiengoaren eskaerari erantzutea eta asebetetzea, tsunami baten moduan datoz eta. Arazoa ez da arau juridikoak behin eta berriz erabilita geldiarazten; auziari aurre egiteko modu okerra da hori".
Josu Erkorekaren aburuz, "gauza batzuk egiteko kapaz izan behar da. Eta, kasu honetan, ezina nahi ez izatearekin nahastu da. Nire ustez, Rajoyk ezin du ezer egin, baina, horrez gain, ez du ezer egin nahi. Aholkulari juridikoek hala egiteko esaten ez dioten bitartean, ez dago inongo pausorik emateko prest, eta ez du malgutasunez jokatuko".
Hori horrela, Erkorekaren esanetan, Rajoyk "aholku juridikoari heltzen dio beti, Konstituzioari, eta, horren aurrean, ezin du ezer ere egin. Baina, kasu honetan, gainera, ez du ezer egin nahi. Independentziaren eztabaidaren aurrean deseroso egon da hasieratik, eta ez du arazoa konpontzeko ahalmenik, erreflexurik eta sormenik izan. Arazoa, horrenbestez, hor dago oraindik", erantsi du.
Masek hartutako bideari buruz galdetuta, aukera bakarra hori zuela uste du Erkorekak.