Politika -

Nafarroa

Barcina: 'Nafarroak baloratzen du gehien hezkuntza askatasuna'

Nafarroako hezkuntzaren "bikaintasuna" eta osasunaren "kalitatea" nabarmendu ditu presidenteak Foru Komunitatearen egoerari buruzko eztabaidan.

Yolanda Barcina, gaurko hitzaldian. EiTB
Yolanda Barcina
Azken lau urteetako bere kudeaketa goraipatu du Barcinak

1:34

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Nafarroako hezkuntzaren 'bikaintasuna' eta osasun sistemaren "kalitatea" nabarmendu ditu Yolanda Barcina foru presidenteak gaur Nafarroako Parlamentuan Foru Komunitatearen egoera aztertzeko egiten ari diren saioan. Nafarroa da "hezkuntza askatasuna gehien baloratzen duen erkidegoa", esan du.

Legealdiko azken eztabaida orokorra du gaur eta bihar Nafarroako Parlamentuak: Foru Komunitatearen egoerari buruzko eztabaida. Presidenteak ekin dio saioari, etenik gabeko hitzaldian, eta ordu eta erdiz aritu da UPNren gobernuaren lorpenak zehaztuz. Ordu-erdiko atsedenaldiaren ostean, oposizioko taldeen txanda izango da.

Hezkuntzaren alorrean, sistemaren "bikaintasuna" aldarrikatu du Barcinak. Nafarroa da "hezkuntza askatasuna gehien baloratzen duen erkidegoa", esan du, eta bere gobernuak Nafarroako "bi hizkuntza propioen eta Europar Batasunekoen aldeko apustua" egiten duela azpimarratu du. Horren harira, murgiltze linguistikoaren inguruan Nafarroak duen "anbizio handiko" programa (PAI, Ingelesez Ikasteko Programa) txalotu du.

Osasuna hartu du hizpide ondoren. Foru presidenteak esan duenez, azken barometroak 7,27ko batez besteko nota eman dio Nafarroako osasun sistemari, eta Estatuko batez bestekoa 6,41ekoa da. Beste datu bat ere eman du Barcinak: "nafarren % 80k uste dute sistemak ondo funtzionatzen duela".

Itxarote-zerrenden kontura ere pozik agertu da Barcina, eta behera egiten ari direla adierazi du.

"Atzeralditik atera da Nafarroa"

Nafarroako Ekonomiaren inguruko iragarpena eginez abiatu du saioa Barcinak. Hala, Nafarroa "atzeralditik atera da eta enplegua sortzen ari da", azaldu du. Espero bezala, hitz gogorrak izan ditu oposizioaren kontra, eta "ez da ezer eraikitzeko gai", salatu du.

Oposizioa hizpide, Ganberako gainerako indar politikoak "ez dira erakundearen egonkortasuna bermatzeko gai izan", eta, ondorioz, UPNk bakarrik egin behar izan dio aurre legegintzaldiari, horren hitzetan. "Oso zaila izan da", adierazi du.

Hori gorabehera, "ez dugu legegintzaldia alferrik galdu", gaineratu du Nafarroako presidenteak, eta gaur egun Foru Erkidegoaren egoera iazkoa baino hobea dela "begi-bistakoa da", agertu du.

Nafarroako Gobernuak erreformen bidea hartu duela adierazi du Barcinak. "Neurri zailak hartu behar izan ditugu, ulertzeko konplikatuak", baina neurri horiei esker, 2014an egoera ekonomikoa hobea izan da, Barcinaren esanetan. Horren adibide, industriaren negozioaren eta industria eta zerbitzuen ekoizpen indizeak Estatuko batez bestekoa baina hobeak direla esan du.

Hobekuntza horrek, baina, ez du esperoko isla izan enpleguaren sorreran. Nolanahi ere, nabarmendu duenez, langabezia-tasa 12 hilabetez segidan jaitsi da Nafarroan.

2014ko ekonomia hazkundearen aurreikuspenei dagokienez, urtea Barne Produktu Gordinaren % 1,5eko hazkundearekin itxiko dutela uste du Barcinak.

Oposizioarekin, kritiko

Oposizioko alderdien kontrako hitzak izan ditu Barcinak bere hitzaldian. PSNri "bakarrik" uztea egotzi dio, baina EH Bilduren kontra aritu da gogorren. Esan duenez, "Patxi Zabaletak birritan esan du azken asteotan ETA existitu daitekeela. Zer maila moralera iritsi zarete?", galdetu du. Nafarroako presidentearen berbetan, koaliziokoek "ezin dute bakeaz hitz egin supermerkatu batean bonba jarri zuen edo 22 lagun akatu zituen terroristari elkartasuna erakusten dioten bitartean".

Volkswagen auzia

Hitzaldia amaitzeko, Volkswagenen BEZari buruzko afera hartu du ahotan Barcinak. Horren hitzetan, Nafarroak Estatuarekin izan dituen azken "ika-miken atzean dagoena oso kezkagarria da", eta Nafarroako izaera bereziari "errespetua" zor zaiola azpimarratu du.

Ihardespen-txanda

Oposizioaren gehiengoak nafarrekin “zintzo” jokatu ez duela deitoratu du Barcinak; izan ere, “dirua fabrikatzen dela sinestarazi nahi izan diete”.

Ihardespen-txandan, oposizioaren ustezko argudioa “onartezina” dela salatu du Barcinak. Presidentearen hitzetan, murrizketak “gobernari zekenen apetak” direla aditzera eman nahi du oposizioak.

Zentzu horretan, egoera ekonomikoa “zaila” dela “sekula” ukatu ez duela errepikatu du buruzagiak. Krisiak gobernuei zein familiei murrizketak egitera behartu ditu, baina “Nafarroa krisitik ateratzeko lehen lerroan dago”, gaineratu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea