Politika -
Polizia-operazioa
Poliziak Aitzinako kide bat atxilotu eta Baionako egoitza miatu du
Alex Feldman Aitzinako langilea atxilotu eta Baionako Jendarmeriaren egoitzara eraman dute. Poliziak material informatikoa eraman du Baionako egoitzatik.
Erredakzioa
Frantziako Poliziak Alex Feldman Aitzina Ipar Euskal Herriko gazte ezkertiar eta abertzaleen antolakundeko kidea atxilotu eta Baionako egoitza miatu du.
Atxilotua Baionan, Marracq auzoan, Jendarmeriak duen egoitzara eraman dute. Feldmanen atxiloketa zuzenbide komuneko delitu batengatik izan dela adierazi du Baionako Fiskaltzak. Aitzinako kidearen atxiloketak "beharrezkoa den denbora" soilik iraungo duela ere jakinarazi dute. Bestalde, Kazeta.info agerkari digitalak zabaldu duenez, ondasun lapurtu bat gordetzeagatik atxilotu dute.
Poliziak material informatikoa eraman du gazte erakundeak Baionan duen egoitzatik, Aitzinak Twitterren duen kontuaren bidez jakinarazi duenez. Poliziak miatu duen egoitza Ipar Euskal Herriko gazte komunikazio proiektuak (ehKz) eta Radio Kulturak ere erabiltzen dute, eta ehKz-ren material informatikoa (ordenagailua eta disko gogorra) ere eraman dutela salatu dute.
Polizia-operazioak bide-seinaleen inguruko ekimen batekin erlazioa izan dezakeela uste du Aitzinak. Uztailaren 14an Aitzina gazte mugimenduak frantses hutsean zeuden bide-seinale batzuk kendu eta Parisera zihoan tren batean jarri zituen. Ondoren, gazte mugimenduak bideo baten bidez ekimenaren berri eman zuen.
Aitzinak arratsaldean egingo du bilkura egoeraren azterketa egiteko.