Politika -

Bake-prozesua

Aduriz: 'Askoz gehiago espero nuen alderdien eta Gobernuaren aldetik'

Euskal sukaldariak "hunkituta" gogoratzen du ETAk indarkeria behin betiko utziko zuela iragarri zueneko eguna.

Andoni Luis Aduriz sukaldaria.
Andoni Luis Aduriz
Andoni Luis Aduriz sukaldaria.

Iker Gomez | eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Mugaritz jatetxeko talaiatik erantzun die ETAren iragarpenaren eta bake-prozesuaren inguruko galderei Andoni Luis Aduriz sukaldariak. AEBn harrapatu zuen albisteak bi Michelin izarduna, eta "hunkituta" gogoratzen du eguna.

- Nola gogoratzen duzu iragarpenaren eguna? Zein izan zen zure lehen gogoeta?

AEBn nengoen, eta emozio handiz gogoratzen dut eguna. Albistea egunen batean jaso behar genuela uste genuen denok, eta bizitza guztia egoera horretan eman duen 40 urteko lagun batentzat esperotako eguna zen. Garai berria abiatu behar genuela pentsatu nuen; ez zen erraza izan behar, baina gizarte honek hainbeste denboran izan duen sufrimendutik eta tentsiotik urruntzen gintuen. Adineko batzuekin izandako elkarrizketa etorri zitzaidan burura, euskal gatazka inoiz konponduko ez zela ziotelako.

- Hiru urte igaro dira, zein unetan gaudela uste duzu? ETAren erabakia ezagutu zenuenean zenituen aurreikuspenak bete dira?

Kalean zegoen tentsioari dagokionez, aurreikuspenak aise gainditu dira: giroa askoz lasaiagoa da, hainbat urtez hizpide hartu nahi ez edo ausartzen ez ziren gaiez mintzatzen da orain jendea eta, gizartean zegoen beldurra exorzizatu dugu. Ikuspuntu politikotik, alderdien eta Espainiako Gobernuaren aldetik askoz gehiago espero nuen; Gobernuak ez du jakin gizarteak eskatzen diona ulertzen. Dena dela, baikorra naiz, eta uste dut gure historiaren aro gogor hau ixteko borondatea eta arrazoia gailenduko direla.

- Etorkizun hurbilari begira, nola uste duzu egingo duela aurrera prozesuak?

Zoritxarrez, ez dut oso argi. Inplikatutako agente guztien baitan dago irtenbidea, baina pentsatu nahiko nuke gizarteak oraindik argitzeke dauden galderei erantzuteko ekintzak eta elkarrizketa abiatzeko presioa egingo duela.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea