Politika -
Urteurrena
Sortuk ETAren desarmatzean parte hartzeko eskatu die estatuei
Pernando Barrenak azpimarratu duenez, orain arte egin diren urratsak "euskal eragileek" egin dituzte, eta PPk eta PSE-EEk "prozesua oztopatu besterik ez dute egin".
Erredakzioa
ETA desarmatzeko prozesuan parte hartzeko eskatu die Sortuk Frantziako eta Espainiako estatuei, ETAk jarduera armatua utzi zuela hiru urte bete diren egunean.
Pernando Barrena ezker abertzaleko buruzagiak hiru urte horien balantzea egin du Donostian emandako prentsaurreko batean, eta epe horretan egin diren urratsak "euskal eragileek" egin dituztela azpimarratu, eta PPk eta PSE-EEk "prozesua oztopatu besterik ez" dutela egin salatu du.
Sorturen ustez, hiru dira lehentasunak gaur egun: kartzela-politika aldatzea, "biktima guztien" errekonozimendurako eta konponketarako eskema bat adostea, eta estatuak desarmatze prozesuan inplikatzea.
Barrenaren ustez, hiru urteotan egoera "asko aldatu da", eta orain "politikarako tartea zabaldu da".
Hala eta guztiz ere, PPk eta PSOEk normalkuntzarako interesik ez dutela berretsi du, egoera horretan "galtzaile" eta "agertoki politikotik kanporatuak" ikusten dutela euren burua.
Horren adibide omen da, gainera, Nagore Mujikaren atxiloketa aurreko asteburuan. Izan ere, zigorra betea zuela eta azkenaldian bizimodu normala egiten ari zela esan du.
Barrenaren esanetan, "sumario berriak asmatzen ari dira mendekuan oinarrituta", ezker abertzaleko militanteek "iraganari begira diezaioten".
Hori horrela, Barrenak argi adierazi du ez duela Espainiako alderdien partetik ezer espero, eta "aldebakartasunaren" alde egin du, euskal alderdi eta taldeen artean subiranotasunera bidean "euskal ibilbidea" egiteko.