Politika -
Kataluniako prozesua
1.255 lokal zabalduko dira 938 herritan botoa emateko
Joana Ortega Kataluniako Gobernuko presidentearen ondokoak prentsaurrean azalduko ditu azaroaren 9ko galdeketaren inguruko xehetasunak.
Erredakzioa
Azaroaren 9ko prozesu parte-hartzailearen inguruko xehetasunak eman ditu gaur Joana Ortega Kataluniako Gobernuko presidenteordeak: 1.255 lokal zabalduko dituzte Katalunia osoko 938 herritan (orotara, 947 herri daude Katalunian), eta 6.430 parte-hartze gune eta 8.000 boto-kutxa baino gehiago jarriko dituzte. Galdeketan parte hartu nahi duten kataluniarren % 99k euren herritik mugitu gabe eman ahalko dutela botoa nabarmendu du Kataluniako Gobernuak.
Kataluniako herritarrek prozesuan laguntzeko erakutsi duten borondatea ikusita, hasieran pentsatuta zutena baino gune gehiago egokituko dituztela esan du Ortegak. Orain arte, 30.231 pertsonak eman dute izena azaroaren 9ko antolaketa-lanetan laguntzeko. Gobernuak 20.000 lagun behar zituela esan zuen.
Presidenteordearen esanetan, azaroaren 9an parte hartu dezaketen pertsonen unibertsoa 5,4 milioikoa da gutxi gorabehera, eta horiei atzerrian bizi diren katalanak batu behar zaizkie.
16 urtetik gora izan eta Katalunian bizilekua duten herritarrek eman ahalko dute botoa, NAN agiria erakutsita, eta baita atzerritarrak izanik ere Katalunian bizi eta Atzerritarraren Identifikazio-zenbakia duten pertsonek, eta baita atzerrian bizi diren katalanek ere. Hala, atzerrian 17 parte-hartze gune zabalduko dira: Berlin, Brusela, Copenhague, Paris, Milan, Londres, Montreal, New York, San Jose, Buenos Aires, Sao Paulo, Bogota, Mexiko hiria, Santiago (Txile), Tokio, Hong Kong eta Sydney.
Nortasun-agiria eskatuko zaie botoa eman nahi dutenei, eta agiri horretan jasota duten helbideari dagokion barrutian emango dute boza. Bakoitzak botoa non eman behar duen jakiteko, Participa14 webgunean egin ahalko da kontsulta, asteazkenetik aurrera. Udaletxeetan eta 012 herritarrak artatzeko telefono zenbakian ere xehetasun guztiak emango dituzte.
Bozketa azaroaren 9an egingo da eta behin-behineko emaitzak hurrengo egunean jakinaraziko dira. Pisuzko arrazoiengatik botoa ematerik ez dutenek alegazioak aurkezteko aukera izango dute, eta onartuz gero, 15 eguneko epea izango dute horretarako.
Mas-Junqueras bilera
Artur Mas Kataluniako presidentea eta Oriol Junqueras ERCko burua datozen orduotan bilduko dira, azaroaren 9ko prozesu parte-hartzailearen inguruan jarrerak gerturatzeko. Negoziaketen inguruko iturriek jakitera eman dutenez, azaroaren 9tik aurrerako urratsak adosten hastea da bileraren helburuetako bat.
Junquerasek atzo eskatu zion bilera egitea Kataluniako presidenteari, egoera bideratze aldera. Hasieran adostutako kontsulta Masek bertan behera uztea erabaki zuenetik, subiranotasunaren aldeko taldeen (ERC, ICV-EUiA eta CUP) eta Kataluniako Gobernuaren arteko aldea handitzen joan da.
Francesc Homs Kataluniako Gobernuko eledunak atzo iragarri zuenez, gaur bertan hartuko du Masek Junqueras. Hitzordua arratsaldean izango da.
Talde independentistekin aurreakordioa ixtea ez dutela lortu eta oraingoz galdeketaren inguruan "batasun teknikorik" ez dutela onartu zuen Homsek, baina Gobernuak batasun hori lotzeko lan egingo duela gaineratu zuen.