Politika -
Urte Judizialaren hasiera
Botere Judizialaren 'eredu berri bat' aldarrikatu du Urkulluk
Urte Judizialaren hasiera-ekitaldian egin duen hitzaldian, Urkulluk esan du Botere Judizialaren egungo ereduak ez duela asebetetzen bere gobernua.
Erredakzioa
Iñigo Urkullu lehendakariak Botere Judizialaren "eredu berri bat" aldarrikatu du, Euskadiko sistema instituzionalean txertatuko den eredua. Haren hitzetan, Konstituzioak ematen du horretarako aukera. Halere, Jaurlaritzaren helburua Botere Judizial propioa izatea dela nabarmendu du.
Lehendakariaren esanetan, Rafael Catala Justizia ministro berriarekin lehen harremana izan du jada, eta Espainiako Gobernuaren estrategia legegilea adosteko elkarlanerako bide berriak zabaltzearen alde agertu ziren bi aldeak lehen harreman horretan, horren hitzetan.
Urte Judizialaren hasiera-ekitaldian egin duen hitzaldian, Urkulluk adierazi du Botere Judizialaren egungo ereduak ez duela asebetetzen bere gobernua. Euskadiren sistema instituzionalarekiko "zalantzazkoa" eta "bukatu gabea" dela azaldu du.
"Gure helburua Botere Judizial propioa izatea den arren, egungo egoera eta Konstituzioa aintzat hartuko dituen beste eredu bat lortzea ere posible da", esan du.
Bestalde, Urkulluren iritzian, euskal gizarteak gogo biziz erdietsi nahi du bakea eta bizikidetza. Horren harira, beste espetxe-politika bat aldarrikatu du, eta aginte judizialak bizikidetza eraikitzeko lanean protagonista izan behar duela erantsi du.
Juan Luis Ibarra Euskadiko Auzitegi Nagusiko presidenteak ere hartu du hitza ekitaldian. Ibarra oso kritiko agertu da Alberto Ruiz Gallardon Justizia ministro ohiak egindako politikarekin. Estatu-hitzarmena eskatu du Justizia Administrazioa modernizatzeko.
Ibarrak salatu duenez, krisi egoerak Europako zuzenbidetik kanpo uzten ditu herritar pobreak, eta bereziki gazteak aipatu ditu, tasak direla eta, zailago dutelako justizia eskatzea.