Politika -
Katalunia
Rajoyren esanetan, lege aurrean ez dago "tranpa, zidor edo amarrurik"
Marian Rajoyk Europar Batasuneko eta Espainiako lege ordenamenduekiko errespetua aldarrikatu du, Kataluniari aipamen zehatzik egin gabe.
Erredakzioa
Mariano Rajoy Espainiako Gobernu presidenteak nabarmendu duenez, legearen aurrean ez dago "tranpa, bidezidor edo amarrurik" egiterik. Europar Batasuneko eta Espainiako lege ordenamenduekiko errespetua aldarrikatu ditu.
Rajoyk nazionalismoen ondorio kaltegarriez ohartarazi du Brujasko (Belgika) Europa Kolegioaren ikasturte hasierako ekitaldian egindako hitzaldian. Hala ere, ez dio Kataluniako prozesuari eta Artur Mas Generalitateko presidenteari aipamen zuzenik egin.
Elkarrekin ezarritako elkarbizitza eredua errespetatzeko beharra azpimarratu du, eta "nazionalismo sezesionista eta baztertzaileen preso legokeen Europar Batasunak ahultzeko eta desegiteko arriskua izango zukeen", gaineratu du. "Ezin dugu hori gertatzerik onartu, izan ere, ordaindu beharreko prezioa altuegia litzateke eta Europako proiektuaren nukleoari eragingo lioke, hots, eskubide eta balore demokratikoak oinarri dituen komunitatearen integrazioari".
Espainiako gobernuburuaren iritziz, Europan ideia eta uste guztiak defenda daitezke bitarteko baketsuak eta legearen bideak erabilita.
Europar Batasuna legea zehatz betetzea oinarri duen zuzenbidezko elkartea dela nabarmendu du Rajoyk, eta Batasunaren izateko arrazoia integrazioa da, erantsi du.
Rajoyren iritzian, "indarrak batzeko eta pertsonak banatu eta langa berriak eraiki nahi dituzten mugimenduei aurre egiteko antidoto gisa sortu da Europa". "Integrazioa da gure eragina eta indarra bermatzeko daukagun bide bakarra", azpimarratu du.