Politika -
Eusko Legebiltzarra
Legebiltzarrak laguntza sozialetarako diru gehiago eskatu du berriro
Eskaera aurrera atera da EH Bilduren eta PSE-EEren babesarekin. PPk eta UPyDk lau puntuetako hiru babestu dituzte, eta EAJk kontra bozkatu du.
Erredakzioa
Aurrekontuetan Gizarte Larrialdietarako Laguntzetara bideratutako diru-partida handitzeko eskatu dio Eusko Legebiltzarrak Eusko Jaurlaritzari.
EH Bilduk eta PSE-EEk zuzenketa bat adostu dute gaurko osoko bilkuran, eta 2014an Gizarte Larrialdietarako Laguntzetara diru gehiago bideratzeko eta 2015eko Aurrekontu-proiektuan hiritarren eskariei erantzuteko adinako diru partida esleitzeko eskatu diote Jaurlaritzari.
PPk eta UPyDk zuzenketaren lau puntuetako hiru babestu dituzte, eta jeltzaleek, berriz, kontra bozkatu dute. Jeltzaleen iritziz, gaur egun ez da posible diru-partida hori handitzea, bitarteko faltarengatik.
Juan Maria Aburto Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuak azaldu duenez, datorren urteko Aurrekontuetan, Gizarte Larrialdietarako Laguntzetarako diru-partidan "igoera txiki bat" egiten ahaleginduko dira. Urtea amaitu bitartean dirua egongo balitz, diru-partida hori handitzen saiatuko liratekeela gaineratu du, baina hori gertatzea "oso zail" ikusten duela aitortu du.
Hala, Eusko Legebiltzarrak 2013ko urriaren 10ean erakutsitako jarrera berretsi du. Orduan ere Gizarte Larrialdietarako Laguntzetara bideratutako diru-partida handitzea eskatu zuen Legebiltzarrak eskari guztiei erantzun ahal izateko.
Eskaera horren ondotik, hasieran ezarritako 17,3 milioi euroko diru-partida bi milioi euroan handitzea erabaki zuen Eusko Jaurlaritzak.