Politika -

Castello

Bere lan-taldeak lan 'handia' egin zuela esan du Calatravak

Calatravak 2,7 milioi kobratu zituen eraikinaren proiektuagatik, baina, azkenean, ez zen eraiki. Lehiaketa publikorik gabe esleitu zion proiektua arkitektoari Valentziako orduko gobernuak.

Santiago Calatrava abokatuek lagunduta iritsi da auzitegira. Argazkia: EFE
Santiago Calatrava abokatuek lagunduta iritsi da auzitegira. Argazkia: EFE
Calatrava Castelloko epaitegian deklaratzen ari da

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Santiago Calatrava arkitekto valentziarak Castelloko epailearen aurrean deklaratu du goizean, Konbentzio Zentroaren kasua dela eta.  Calatravak 2,7 milioi kobratu zituen eraikinaren proiektuagatik, baina, azkenean, ez zen eraiki. Lehiaketa publikorik gabe esleitu zion proiektua arkitektoari Valentziako orduko gobernuak.

Arkitektoaren hitzetan, Franciso Camps Valentziako presidente izandakoak Castelloko ikurra izango zen eraikin bat egitea eskatu zion: hiru fasetan egingo zela ziurtatu zion eta denera 180 milioi euroko kostua izango zuela.

Calatravak 2,7 milioi euro " proiektua, aurreproiektua eta oinarrizko proiektuak egiteagatik" jaso zituela esan du. Ordubete eskas eman du epailearen aurrean deklaratzen, eta kanpora atera denean, ez du adierazpenik egin zain zituen hedabideen aurrean. Agiri batean eman du bere iritzia arkitektoak: haren esanetan,  bere lan-taldeak lan handia egin zuen proiektuaren erredakzioan. Urtebete baino gehiagoko lana izan zen, Calatravaren arabera. "350 zirriborro, 300 plano, 15 txoten eta memoria, profesional talde zabal baten eskutik", gaineratu du.

Auzi hau dela eta, bigarren aldiz deitu du epaileak deklaratzera Calatrava. Aurrena irailaren 2rako deitu zuen, baina arkitektoa ez zen aurkeztu, zitazioa "ofizialki" ezin izan ziotela helarazi argudiatuta.

Esquerra Unida alderdiak, 2011n, jarritako salaketa baten harira zabaldu zuen ikerketa epaileak, irregulartasun zantzuak atzemanda. 2008an esleitu zion Valentziako Gobernuak egitasmoa Calatravari, lehiaketa publikorik egin gabe. 2012 bukaeran, Gobernuak proiektua behin-behinean bertan behera uztea erabaki zuen, egoera ekonomikoa zela eta.

Esquerra Unidak argibideak eskatu ditu: proiektua zuzenean, lehiaketarik gabe, zergatik esleitu zen argitzeko eskatu du. Kontratuaren baldintzetan ageri diren "pribilegioen" inguruko azalpenak ere nahi dituzte.

Kasu honetan, jada, bi pertsonak deklaratu dute; Valentziako Erkidegoko Proiektu Tematikoen Sozietateko zuzendari izandako Nicolas Figueresek eta Javier Mansok. Ostegunerako, berriz, Valentziako Gobernuko Turismo zuzendari ohia, Cristina Morato, dago deituta, inputatu gisa.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea