Politika -

Esklerosi anizkoitza du

Fernandez de Iradiren inguruko erabakia martxoan hartuko du epaileak

Esklerosi anizkoitza duen presoaren egoera aztertzeko txosten mediko berri bat eskatu du epaileak. Txostena bi medikuk egingo dute eta otsailaren 27an aurkeztuko dute.

Ibon Fernandez de Iradi 'Susper' presoaren aldeko manifestazioa Baionan. Argazkia: EiTB
Ibon Fernandez de Iradi 'Susper' presoaren aldeko manifestazioa Baionan. Argazkia: EiTB
Ibon Fernandez Iradiren aldeko elkarretaratzea egin dute Baionan

0:17

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ibon Fernandez de Iradi Susper presoa aske utzi ala ez martxoan erabakiko du epaileak. Auzia martxoaren 26an berriz hartuko du magistratuak, Euskadi Irratiak, Gara-k eta Berria-k jakitera eman dutenez.

Esklerosi anizkoitza duen presoaren egoera aztertzeko txosten mediko berri bat eskatu du Pariseko Auzitegiko magistratuak. Txostena bi mediku espezialistak egin eta otsailaren 27an aurkeztu beharko dute.

Presoak duen gaixotasuna dela eta Fernandez de Iradi aske uzteko eskatu du defentsak. Fiskaltzak, ostera, eritasunaren larritasuna egiaztatuta ez dagoela errepikatu du, eta ondorioz, presoa aske uztea beharrezkoa ez dela uste du.

Gaixo dauden presoak aske uzteko eskatu zuen Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusiak asteartean. Gari Arruarte, Inma Berriozabal, Ibon Fernández de Iradi eta Aitzol Gogorza gaixo dauden presoen senideak hartu zituen Garitanok Gipuzkoako Aldundiaren jauregian, Donostian.

Fernandez de Iradi aske uztea eskatu zuen buruzagiak, baita gaixo dauden preso guztiak ere.

Aurreko txostenak

Maritxu Paulus Basurko presoaren abokatuak azaldu duenez, Fernandez de Iradiren egoerari buruzko galdera-sorta erantzuteko eskatu die auzitegiak bi medikuei. Aurreko txostenek galdera horiek erantzun ez dituztela zehaztu du auzitegiak.

Galderen xehetasunik ez du eman Paulusek, baina magistratuek presoak planteatutako helegiteari “arrazoia” eman ziotela goraipatu du. Pariseko Auzitegiak zigorra bertan behera uztea onartu zuen ekainean, baina espetxetik ateratzeko baldintza betetzea ia ezinezkoa zela esan du abokatuak.

Konkretuki, baldintza Frantzian egoteko debekua behin betiko bertan behera uztea zen; izan ere, Susper-i hiru zigor ezarri zizkioten Frantzian: 30 urteko bi zigor (2001ean jendarme bat larri zaurituta uzteagatik) eta 15 urteko beste bat.

Zigorra bertan behera uzteko erabakia nekez beteko den baldintza baten menpe geratu behar ez dela dio Apelazio-auzitegiak. Era berean, Pariseko Auzitegiaren erabakia errekurritu du Fiskaltzak, baina presoa kartzelan mantentzeko eskatuz.

Bi urte baino gehiago itxaroten

Epaileek martxoaren amaieran auzia berriz atertzen dutenean, Fernandez de Iradi aske uzteko prozedura hasi zenetik bi urte baino gehiago igaroko direla gogorarazi du presoaren abokatuak.

Susper-ek 42 urte ditu eta 2003ko abendutik espetxean dago. Orain Lannemezaneko kartzelan dago, Frantziako hegoaldean.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Presoak albisteak ETA