Politika -

Batzar eratzailea

Idazkari nagusia aukeratzeko prozesua hasiko du gaur Podemosek

Idazkari nagusia ez ezik, zuzendaritzako gainerako kideak ere aukeratzeko prozesuari ekingo dio Pablo Iglesias buru duen alderdiak.

Pablo Iglesias eta haren taldekoak. EFE
Podemos
Pablo Iglesias eta haren taldekoak. EFE

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

'Sí Se Puede' Podemosen batzar eratzailearen azken fasea hasiko da gaur. Hala, 15 eguneko epean, alderdiaren idazkari nagusia eta zuzendaritzako gainerako kideak aukeratuko dituzte.

Interesdunek gaurtik azaroaren 5era arte dute Herritarren Batzorderako (funtzio exekutiboak dituen zuzendaritza politikoa), Berme Batzorderako eta Idazkaritza Nagusirako hautagaitzak aurkezteko. Ezustekorik ezean, Pablo Iglesiasek beteko du azken kargu hori, militanteen % 80ren babesa baitu.

Iglesiasek eta bere taldeak (Claro Que Podemos) Podemos zuzentzeko prest zeudela iragarri zuten urriaren 18an eta 19an Madrilgo Vista Alegre Jauregian egindako ekitaldian. Hori horrela, Iglesiasen hautagaitza ziurtzat ematen da. Zuzendaritzari dagokionez, ikusteko dago, ordea, Iglesiasen taldekoek lehian izan zituen beste kide batzuk zerrenda bateratu batean sartzen dituzten edo ez.

Sumando Podemos da lehiakideetako bat, Pablo Echenique, Teresa Rodriguez eta Lola Sanchez eurodiputatuek babestutako proiektua. Hiru bozeramailedun alderdia proposatzen zuten, alderdia horizontalagoa izateko asmoarekin. Militanteen % 13k egin zuen eredu horren alde, eta bozkatuena izan zen, Iglesiasen taldearen ondotik.

Teresa Rodriguezek eta beste 600 militantek babesten duten Izquierda Anticapitalista zuzendaritza postuetan sar daitekeen ere ikusgai dago.

Hautagaitzak aurkezteko epea igarota, jasotako guztiak argitaratuko ditu talde tekniko batek. Bozketak azaroaren 10etik 14ra egingo dituzte. Idazkari nagusiaren eta zuzendaritzako kideen izenak azaroaren 15ean jakinaraziko dituzte.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea