Politika -
Bidaiaren balorazioa
Mexikon estatuburu sentiarazi dutela azpimarratu du Urkulluk
Lehendakariak aitortu du ‘’harrotasunez’’ hartu zuela Mexikoko Senatuak Euskadi ‘’nazio gisa’’ eraikitzen ari den bidearen aitortza egin izana.
Erredakzioa
Iñigo Urkullu lehendakariak larunbat honetan amaitu du Mexikora egindako bidaia ofiziala, ‘’estatuburu gisa’’ hartu izan dutenaren ‘’ sentsazioarekin ’’, lehendakariaren hitzetan. Ildo horretan, Mexikoko agintariek ‘’Euskadiren errealitatea politiko-instituzionalaren ezberdintasuna gertutik’’ ezagutzen dutela adierazi du.
Prentsaurrekoa eskaini du lehendakariak, bidaia horren balorazioa egiteko. Bertan, oso positibotzat jo du bidaia, eta bisitaldia «egokia, beharrezkoa eta emankorra» izan dela azpimarratu du. Hala, oso pozik agertu da Mexikoko instituzioek eman dieten tratuagatik, eta egindako bileren artean Mexico Business Summit biltzarra azpimarratu du. Bertan, Enrique Peña Nieto Mexikoko presidentea agurtzeko eta harekin presidente-mahaia partekatzeko aukera izan adierazi du lehendakariak. Euskadira bisita egiteko gonbita egin ziola ere esan du Urkulluk.
Senatuaren aipamena
Horrez gain, lehendakariak aitortu du ‘’harrotasunez’’ hartu zuela Mexikoko Senatuak Euskadi ‘’nazio gisa’’ eraikitzen ari den bidearen aitortza.
Interesa Mexikon
Bestalde, lehendakariak egiaztatu egin du Euskadik interesa pizten duela Mexikon, bai enpresen munduan, bai hezkuntzan baita berrikuntzarekin lotutako arloetan ere. «Oro har, esan dezakegu Euskadiren giza garapen iraunkorreko ereduak interes handia piztu duela Mexikon», azaldu du lehendakariak Euskadira itzuli aurretik.
Hiru konpromiso
Halaber, lehendakariak esan du Eusko Jaurlaritzak hiru konpromiso hartu dituela bidaia honetan. Alde batetik, Mexiko Mahaia sortzea, Euskadiko enpresen eta instituzioen artean, Mexikoko erakundeekin harremanak errazteko. Bigarrenik, hornitzaileen sarea sortzea, hornitzaileak atzerrian ezarritako enpresa handietara gerturatzeko eta, hala, enpresa hornitzaileen nazioartekotzea bultzatzea. Azkenik, atzerrian sektore publikoaren eta pribatuaren arteko lankidetza indartzea, atzerriko ezarpenetan elkarrekin parte hartuz.