Politika -

A9

8 europarlamentarik behatuko dute Kataluniako parte hartze prozesua

Izaskun Bilbao EAJko europarlamentaria nazioarteko delegazio horretako partaide izango da.

Kataluniako galdeketa jarraituko duten nazioarteko begiraleak. Argazkia: EFE
Kataluniako galdeketa jarraituko duten nazioarteko begiraleak. Argazkia: EFE
Kataluniako galdeketa jarraituko duten nazioarteko begiraleak. Argazkia: EFE

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Zortzi europarlamentariz osatutako ordezkaritza batek Kataluniako parte-hartze prozesua behatuko du, "inori babesik eman gabe", Ian Duncan Eskoziako alderdi kontserbadoreko kideak eta ordezkaritzako bozeramaileak azaldu duenez.

Roger Albiyana Generalitateko Atzerriko eta Europar Batasuneko Gaietarako idazkariarekin eta Jordi Solé Kataluniako Parlamentuko Atzerri Gaietarako Batzordeko presidentearekin batera prentsaurrekoa eskaini du, eta botoa "ondasun preziatuenetakoa" dela adierazi du.

Albinyanak azpimarratu duenez, zortzi europarlamentariak ez datoz bi aukeretako bati babesa eskaintzera, "neutraltasuna eta independentzia" oinarri hartuta, behatzera baizik. Halaber, aipaturiko taldeak Kataluniako Parlamentuan ordezkaritza duten alderdi politiko guztiekin bilerak egin ditu, C's alderdiarekin izan ezik.

Biharko egunari begira, ordezkaritza hiru taldetan banatuko da, eta guztira 30 hauteskunde-zentro baino gehiago bisitatuko dituzte. Gainera, arratsaldean prentsaurrekoa eskaintzeko asmoa dute, egunaren balorazioa egiteko.

Ordezkaritza pertsona hauek osatzen dute: Izaskun Bilbao EAJko europarlamentari eta Alde taldeko kidea, Mark Demesmaeker Europako kontserbadoreen eta erreformazaleen taldeko belgikarra, Jill Evans EFA taldeko britainiarra, Valter Mutt Berdeen taldeko ordezkari suediarra, Gerard Onesta Berdeen taldeko frantziarra, Peter Vilfan Alde taldeko esloveniarra eta Bernhard von Grünberg Europako sozialisten taldeko alemaniarra.

Nazioarteko 100 begirale ez ofizialek jarraituko dute parte-hartze prozesua

Igande honetako parte-hartze prozesuan, Kataluniako Gobernuak aitortu ez dituen nazioarteko 100 begirale eta Generalitateak gonbidatutako zortzi europarlamentari izango dira.

Europako Herritarren Nazioarteko Batzordeak (ICEC) babestuta, ehun pertsona baino gehiago Kataluniara joan dira azaroaren 9ko parte-hartze prozesua bertatik bertara jarraitzera. Begirale horiek hainbat txosten idatziko dituzte, eta Kataluniako Gobernuari, Katalunian kontsulatua duten Europar Batasuneko herrialdeei eta alderdi politikoei bidaliko dizkiete.

Anna Arque ICECeko bozeramaileak azaldu duenez, behatzaileak hauteskunde-zentroak irekitzeko ekitaldian izango dira eta egunaren jarraipena egingo dute. Gainera, ordezkaritza horrek argazki bat aterako du bihar Kataluniako prozesuari babesa emateko.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Katalunia Kataluniako erreferenduma gaur