Politika -
A9
Dena prest Katalunian, parte-hartze prozesua gauzatzeko
Fiskaltza parte-hartze prozesurako lokal publikoak erabiltzea delitu den ala ez ikertzen ari da.
Erredakzioa
Iritsi da eguna. Hasieran galdeketa zena parte-hartze prozesu bilakatu da, baina, edozein kasutan, kataluniarrek independentziari buruz duten iritzia emateko aukera izango dute gaur. Dena den, ikusteko dago Espainiako Justiziak kontsulta alternatiboa eragozteko neurririk hartuko duen.
Izan ere, Kataluniako Justizia Auzitegi Nagusiko Fiskaltzak izapideak abiatu zituen atzo, Estatuko Fiskaltza Nagusiak eskatuta, Katalunian gaur egiten ari den parte-hartze prozesurako udalen lokalak, hezkuntza zentro publikoak edota administrazio publikoen mendeko bestelako instalazioak lagatzea delitu den ala ez ebazteko.
Ikerketa hori burutzeko, Fiskaltzak informazioa eskatu zien Kataluniako Hezkuntza Sailari, Esquadra mossoei eta Generalitateari. Informazio guztia bildu eta gero, Fiskaltzak Auzitegi Konstituzionalak onartutako ebazpena urratu den ala ez erabaki beharko du, eta, kasu horretan, txostena bidaliko dio epaileari. Orduan, epaileak deliturik dagoen erabaki beharko du, eta, hala ebatziz gero, neurriak hartu.
Zehatz-mehatz esanda, azaroaren 9ko kontsulta alternatiboa egiteko Generalitateak hezkuntza zentroak uzteko agindua eman zuen argitzeko eskatu dio Kataluniako Fiskaltzak Hezkuntza Sailari. Bigarrenik, parte-hartze prozesua egingo den lokalen zerrenda bidaltzeko eta lokal horien irekitzeko ardura izango dutenen berri emateko eskatu dio Esquadra mossoen zuzendari nagusiari. Azkenik, propaganda banaketan parte hartu duen galdetuko dio Generalitateari.
Kataluniako Gobernuak azpimarratu duenez, Generalitatea bera da eraikin publikoetarako sarbidea baimentzearen erantzule bakarra. Ohar labur bat kaleratu zuen atzo, eta bertan adierazi zuen ezin dela boluntarioen identifikaziorik eskatu, "ez dutelako zerikusirik baimenarekin". Gainera, boluntarioek beren zeregina aparteko gorabeherarik gabe egin ahal izango dutela nabarmendu zuen.
Artur Mas: 'Tokiz kanpoko edozein jokaera demokraziaren kontrako erasoa litzateke'
TV3 telebista-kateari eskainitako elkarrizketan Generalitateko presidenteak adierazi duenez, "tokiz kanpoko edozein jokaera demokraziaren kontrako erasoa litzateke".
Fiskaltzak Esquadra mossoei hautetsontziak kentzeko aginduko diela uste duen galdetuta, honakoa esan du: "Zentzu pixka bat baldin badute, tokiz kanpoko edozein jokaera demokraziaren kontrako eta hiritarren adierazpenerako eta parte-hartzeko duten eskubideen kontrako erasoa litzateke".
Kronologia
2013ko abenduaren 12an hasi zen guztia. Egun hartan, Artur Mas Generalitateko presidenteak eta CiU, ERC, ICV-EUiA eta CUP alderdietako buruzagiek autodeterminaziori buruzko galdeketa bat iragarri zuten 2014ko azaroaren 9rako.
Ordutik 11 hilabete igaro dira, eta galdeketaren aldeko alderdiek bi bide jorratu dituzte galdeketa egiteko; lehenik, Diputatuen Kongresuari galdeketa egiteko eskumena igortzea eskatuta, eta, bigarrenik, Kataluniako Galdeketa Legea onartuta.
Diputatuen Kongresuak Kataluniari galdeketa egiteko eskumena igortzea baztertu zuen, eta horren ondotik Kataluniako Parlamentuak Kontsulta legea onartzeko izapideak azkartu zituen.
Irailaren 19an Kataluniako Parlamentuak Kontsulta Legea onartu zuen, 135 parlamentarietako 106k baiezko botoa emanda. Lege horretatik abiatuta, Artur Masek kontsulta deitzeko dekretua sinatu zuen irailaren 27an, eta azaroaren 9rako Kataluniaren etorkizunari buruz erabakitzeko deitutako galdeketan parte hartzeko deia egin zien Masek katalanei.
Hurrengo astelehenean, Mariano Rajoyren Gobernuak lege horren kontrako helegitea aurkeztu zuen Auzitegi Konstituzionalean. Egun horretan bertan, premiazko bilera deitu zuen Auzitegi Konstituzionalak eta Gobernuaren helegitea tramitera onartu zuen. Horrenbestez, Kontsulta Legearen zati bat eta kontsulta deitzeko dekretua bertan behera gelditu ziren.
Ondorioz, Kontsulta Legea eta kontsulta deitzeko dekretua oinarri hartuta ezin zela galdeketarik egin jakinarazi zien Masek kontsultaren aldeko alderdi politikoei, eta kontsulta alternatiboa egitea proposatu zien. Hasiera batean, ERC, ICV-EUiA eta CUP alderdiek baztertu egin zuten Masen proposamen berria.
Hurrengo egunean, Generalitateko presidenteak kontsulta alternatiboari buruzko xehetasunak eman zituen kazetarien aurrean. Artur Mas Kataluniako presidenteak, parte-hartze prozesua gauzatzeko, hauteslekuak ireki eta “hautetsontziak eta boto-txartelak” jarriko zituztela azpimarratu zuen. "Behin betikoaren aurreko galdeketa izango da azaroaren 9koa. Behin betiko kontsulta egiteko, aukera bakarra daukagu: alderdiek deitutako hauteskunde batzuk erreferendum bihurtzea, alegia", gaineratu zuen.
Alderdi politikoen arteko batasuna berreskuratze aldera, parte-hartze prozesuan hainbat aldaketa egitea erabaki zuten; besteak beste, bozkatzeko guneak ugaritzea eta galdeketa ez zela onartzea. Hala, ERC, ICV-EUiA eta CUP alderdiak eta Erabakitzeko Eskubidearen Aldeko Itun Nazionala parte-hartze prozesura batu ziren.
Aldaketa horiek errezeloz hartu zituen Espainiako Gobernuak, eta, Kataluniako Gobernuari ezkutuko galdeketa bat egitea egotzita, helegitea aurkeztu zuen Auzitegi Konstituzionalean. Konstituzionalak tramitera onartu zuen helegitea, eta, horrenbestez, bertan behera utzi zuen kontsulta alternatiboa.
Ostiralean, azaroaren 9ko kontsulta alternatiboari eutsi egingo ziola iragarri zuen Kataluniako Gobernuak, baina boluntarioen esku utzi zuen parte-hartze prozesua gauzatzea.