Politika -

Bartzelonatik postalak

Zifraren zirrara

Maddalen Iriarte ETBko kazetariak Bartzelonatik bidali digun laugarren "postalak" goizeko lehen orduan botoa eman daitekeen tokietan bizi izandakoak jasotzen ditu.

Maddalen Iriarte | ETB

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

1.142.910 gizon-emakumek eman du botoa arratsaldeko 13:00ak bitarte azaroaren 9ko galdeketa edo prozesu parte-hartzaile honetan. Joana Ortega Generalitateko lehendakariordeak, zenbaki hori emateaz gainera, esan duenez, "milaka herritar hauek era librean parte hartu dute gaurko galdeketan Kataluniaren etorkizun politikoaz euren iritzia emateko".

Zifra ematearekin batera, Generalitateak berak prentsarako prestatu duen gunean, prozesu honek arrakasta izatea nahi dutenen artean poza ikusi dugu. Ordu berean, 2014ko hauteskunde europarretan 1.340.770 pertsonak emana zuten botoa, 2012ko hauteskunde autonomikoetan 1.547.209 pertsonak, eta 2011ko Espainiako Gorteetarako hauteskundeetan, 1.867.247 pertsonak.

Gainerako galdeketa horietan guztietan ordu berean parte-hartzea handiagoa izan zen, baina prozesu parte-hartzaile honek dituen aldagarri bereziek argi uzten dute zifra hori zirrara sortzeko modukoa dela, hemendik aurrera ere bide beretik jarraitzen badu egunak.

Zein da zifra arrakastatsua etorkizunari begira? Alderdi soberanistek eta Kataluniako Asanblea Nazionalak eta Omnium Culturalek bi milioi boto arrakastatzat joko lituzkete. Gaur goizeko zifrak zirrara sortu die. Beste ahots askok diote 1.500.000 eta 2.000.000 milioi arteko emaitzak soberaniaren aldeko blokearen izaera baieztatuko lukeela baina kontutan izan behar dela alderdi horiek banaka hauteskunde autonomikoak irabazi bai, baina ez dutela gehiengo absoluturik lortu.

Konparazioak egitea ez da erraza oraingo honetan 16 urtetik gorakoek eta izena emanda zuten atzerritarrek ere izan dutelako botoa emateko aukera. Arratsaldeko zazpietan partaidetzaren datu gehiago izango ditugu. Orduan ikusiko dugu zirrara noraino iristen den.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Katalunia Kataluniako erreferenduma gaur