Politika -
Punica operazioa
Leongo Diputazioko presidenteak dimisioa eman du
Diputatu eta zinegotzi aktei eutsi die Martinez Barazonek, eta "erabat errugabea" dela berretsi du.
Erredakzioa
Marcos Martinez Barazonek Leongo Diputazioko presidente eta Cuadros herriko alkate karguak utzi ditu gaur, baina eutsi egin die diputatu eta zinegotzi aktei. Punica operazioan atxilotu zuten Martinez, eta kartzelan dago, ustelkeria egotzita.
Martinez Barazonek idazkia bidali du Diputazioko erregistrora, eta errugabea den arren, dimisioa aurkeztu duela iragarri du bertan.
"Erabat errugabea naiz, ez ditut Madrilgo 6. Zenbakiko Instrukzio Epaitegiak egotzitako delituak egin. Nire egoera prozesala erabat bidegabea da, eta errugabea naizela esaten jarraituko dut, ez baitut zigorra merezi duen jarduerarik egin", azaldu du Martinez Barazonek bere idazkian.