Politika -

Kataluniako Prozesua

Artur Mas: 'Orain benetako kontsulta da helburua, ez hauteskundeak'

Kataluniako presidenteak A9aren ondorengo bide orria aurkeztu du. Masek esan duenez, gutun bat igorri dio Rajoyri, elkarrizketarako gonbita egiteko.

Artur Mas, Kataluniako presidentea. EFE
Artur Mas
Mas: 'Gure helburua behin betiko kontsulta da, ez hauteskundeak'

Idoia Alberdi | EITB. EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Artur Mas Kataluniako presidenteak agerraldia egin du astearte honetan, A9ren ondorengo bide orria aurkezteko. Igandeko parte-hartze prozesuaren ostean, orain helburua "benetako kontsulta" egitea dela nabarmendu du, ez hauteskundeak. Nolanahi ere, plebiszitu-hauteskundeak deitzea "behin betiko kontsulta egiteko lanabesa" izan litekeela aitortu du.

Masek azken egunotako "erasoak" salatu ditu, baina bereziki "eraso zibernetikoak", galdeketa ez ezik, besteak beste, Generalitataren osasun zerbitzuaren sare osoa ere jarri zutelako "arriskuan". "Susmoa dugu ez dela pirata afizionatu batzuen lana izan. Hemen zerbait gehiago dagoela uste dugu. Ez dakigu zein dagoen erasoen atzean, baina ikertzen ari gara. Ez dugu inoiz halakorik ikusi. Igandeko galdeketak zer oztopo izan zituen jakin dezazuen esan dut hau. Oso larria izan zen erasoa", azaldu du.

Igandeko "arrakastaren" erantzuleak Kataluniako herritarrak direla nabarmendu du: "Harro nago: gizabide eta demokrazia erakustaldia eman dugu. Eredu izan gara, ez baitago horren aurrekari asko. Herri bezala indartuta atera gara", esan du.

Datozen egunotan zehaztuko dituen ekimen batzuk iragarri ditu: "Hauteskundeei buruz asko hitz egin da azkenaldian, baina zertarako? Hauteskundeei begira jartzea akatsa da, ez garelako ados jarriko". Helburua, Masen hitzetan, "legezko galdeketa" egitea da. Hauteskundeek euren ziklo naturala dutela eta hori errespetatu egin behar dela adierazi du. "Ezin ditugu tresnak eta helburuak nahasi. Helburua, kasu honetan, legezko galdeketa egitea da", erantsi du. Hauteskundeak aurreratzeko aukeraz ez du hitz egin, baina hauteskundeak galdeketa hori egiteko erreminta edo tresna bakarrik izango liratekeela nabarmendu du.

Bestalde, datozen egunotan, erabakitzeko eskubidea programan jaso duten eta kontsulta legearen alde egin duten Kataluniako alderdi guztiekin bilera-erronda bat deituko duela aurreratu du.

Masek gutun bat igorri dio Mariano Rajoy Espainiako presidenteari gaur bertan, eta elkarrizketarako gonbita egin dio. 'Elkarrekin hitz egiten jarraitzeko baldintzak jar ditzala eskatu diot Rajoyri, prozesuari buruz hitz egiteko", esan du.

"Goi-mailako politikaren unea heldu da"

Bestalde, Masek "goi-mailako politika" egiteko unea heldu dela ohartarazi dio Rajoyri, eta ez "Fiskaltzak martxan jartzeko unea".

Presidentearen esanetan, A9ko parte-hartze prozesuak erakutsi du arazoari ez zaiola heldu behar auzitegietan, gobernuen arteko elkarrizketaren bidez baizik. "Auzitegi gutxiago eta politika gehiago", aldarrikatu du.

"Oso lasai gaude, ez dugu legez kanpoko ezer egin"

Fiskaltzak kereila bat jarriko duela aurreratu badu ere, Generalitateko presidenteak "oso lasai" daudela eta ez dutela "beldurrik" adierazi du, ez baitute "legez kanpoko ezer" egin.

Gainera, Fiskaltzaren partetik ez dutela komunikaziorik jaso zehaztu du.

Horren esanetan, "arriskatzeko" prest dago, kataluniar gehienek "erabakitzeko eskubidea gauzatu nahi baitute", eta "agindu" hori jaso baitu.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Kataluniako erreferenduma