Politika -

Polizia-operazioa

Aske utzi dituzte ustelkeriagatik atzo atxilotutako 32 lagunetako 22

Atxilotuta jarraitzen duten hamar lagunak gaur arratsaldean edo bihar pasatuko dira Mercedes Alaya epailearen aurretik.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Guardia Zibilak libre utzi ditu atzo Enredadera operazioan ustelkeriarekin lotuta atxilotu zituen 32 lagunetako 22. Atxilotu gehienak funtzionarioak dira, eta, eskupekoen truke, legez kanpoko kontratuak egiten omen zituzten.

Atxilotuta jarraitzen duten hamar lagunak gaur arratsaldean edo bihar pasatuko dira Mercedes Alaya epailearen aurretik, Guardia Zibilak jakitera eman duenez.

Atzoko operazioa Estatuko 12 probintziatan egin zuten aldi berean, Sevillako instrukzio epailearen aginduz.

Atzo atxilotutakoen artean, hiru kargudun publiko zeuden: Cristobal Perez (PP) Jaengo La Carolina udalerriko alkateordea, Sergio Machin Lanzaroteko Kabildoko segurtasun arduraduna eta Antonio Miguel Ruiz Carmona (IU) Sevillako Udaleko Lipasam enpresa publikoko bokala.

Gainerako 29 atxilotuetatik, gehienak funtzionarioak eta enpresetako ordezkariak dira. Fitonovo da afera honetan nahasita dagoen enpresa nagusia.

Iaz atxilotu zituzten enpresa horren arduradunak; izan ere, Madeja izeneko operazioaren hirugarren fasea izan zen atzokoa.

Ikertzaileen arabera, enpresaren egiturari esker, funtzionario ustelekin harremanak bideratu zituzten kontratazio publikoak errazteko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Ustelkeria politikoa gaur