Politika -

Eusko Legebiltzarra

Euskarazko medioei emandako laguntzak aztertzea eskatu diote Urkulluri

EH Bilduk euskarazko hedabideei emandako diru-laguntzetan izandako 'murrizketak' salatu ditu.

Eusko Legebiltzarra. Argazkia: EFE
Eusko Legebiltzarra. Argazkia: EFE
Eusko Legebiltzarra. Argazkia: EFE

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Euskarazko hedabideen jarraipena bermatzeko "beharrezkoak diren neurriak" aztertzeko eskatu dio Eusko Legebiltzarrak Eusko Jaurlaritzari, aipaturiko hedabideek euskararen normalizazioan duten "garrantziagatik".

EH Bilduren proposamenez eztabaidatu dute gaia Legebiltzarrean. Koalizioaren iritziz, euskarazko hedabideei emandako diru-laguntzetan izandako murrizketak "onartezinak eta justifika ezinak dira". Eusko Jaurlaritzak euskara hutsean argitaratzen den egunkari bakarrari, Berriari, diru-laguntza % 14 murriztea salatu du EH Bilduk. Gainera, koalizioak diru-laguntzak emateko irizpideak aldatzea kritikatu du.

EH Bilduk testu bat adostu du EAJ eta PSE-EE alderdiekin, eta PP zein UPyD, berriz, kontra agertu dira. Hala, euskarazko hedabideen jarraipena bermatzeko, hedabide nagusienekin batera azterketa bat egiteko eta "beharrezko neurriak ikertzeko", diru-laguntzak barne, eskatu die EH Bilduk, EAJk eta PSE-EEk Eusko Jaurlaritzari. Aipaturiko hiru alderdiek euskararen normalizaziorako hedabide horiek duten garrantzia nabarmendu dute.

Bestalde, diru-laguntzak ematerako orduan euskarazko hedabide bakoitzak euskararen normalizaziorako duten garrantzia, eraginkortasuna eta aniztasuna kontuan hartzeko eskatu dute. Halaber, diru-laguntza deialdiak urte hasieran argitaratzea aldarrikatu dute.

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Euskara Politika Euskal Autonomia Erkidegoa Prentsa digitalaren azken orduko Albisteak Laguntza publikoak