Politika -
2015eko hauteskundeak
Ustelkeriaren aurrean ez lasaitzeko dei egin die EAJk militanteei
Gainera, Andoni Ortuzarrek maiatzeko hauteskundeetan hautagai izango direnei zintzo jokatzeko eta jokabide eredugarria izateko eskatu die.
Erredakzioa
Andoni Ortuzar EAJren EBBko presidenteak ustelkeriaren aurrean erne egoteko eta ez lasaitzeko eskatu die maiatzeko hauteskundeetan EAJren hautagai izango direnei. Are gehiago, gauero etxera nekatuta, baina eskuak garbi eta kontzientzia lasai dutela itzultzeko eskatu die, "EAJk zintzotasunaren lasterketan lehen postuan egoten jarrai dezan".
Gaur, lehen alkate jeltzalea aukeratu zuteneko 100. urteurrena ospatu du EAJk Zornotzan, eta bertan Andoni Ortuzarrek ustelkeriaren aurrean tolerantziarik ez izateko eskatu du. Gainera, EAJren eredua aldarrikatu du, "zintzotasunean, zuzentasunean, gertutasunean eta dedikazioan" oinarrituta dagoena.
Gainera, afiliatuei gogoratu die ustelkeriaren aurrean ez dagoela lasaitzerik.
Buruzagi jeltzaleak EAJko kargudunen gertutasuna eta jokabidea babestu ditu, eta azpimarratu duenez, Euskadi libreagoa eta oparoagoa eraikitzeko lan egiten duten politikariak dira. "Inor ez da aberastu", gaineratu du.
"Halaber, zoritxarrez, lapurrekin parekatzen dituztenen kritikak jasan behar izaten dituzte", azaldu du. Hiritarrek EAJko kargudunak erakundeetatik botatzeko ahaleginik egin ez badute, EAJren baloreengatik izan dela azpimarratu du Ortuzarrek.