Politika -

Trebiñu

Trebiñu Arabara batzea eztabaidatuko du Kongresuak asteartean

Madrilen edozer erabakitzen dela ere, auziari konponbidea aurkitzeko lan egingo duela adierazi du EH Bilduk.

Trebiñu. Artxiboko irudia: EFE
Trebiñu. Artxiboko irudia: EFE
Trebiñu. Artxiboko irudia: EFE

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Espainiako Diputatuen Kongresuak Trebiñuko konderria Arabara batzea eskatzen duen Eusko Legebiltzarraren lege-proposamena eztabaidatuko du asteartean.

Lege proposamenak Trebiñu eta Argantzun, gaur egun Burgoseko probintziari dagozkionak, Arabara batzea eskatzen du.

Aipaturiko proposamenean jasotzen denez, Trebiñuko herritarrek Arabako parte izateko nahia azaldu dute behin eta berriro, eta hala adierazi zuten 1980an, 1998an eta 2013an onartutako akordioetan.

Eusko Legebiltzarreko ekimena Trebiñuko bi udalek proposatu zuten, eta azkenean Gasteizko Ganbaran aurrera atera zen EAJren, EH Bilduren eta PSE-EEren babesarekin. PP eta UPyD abstenitu egin ziren, anexioaren alde egonagatik ere, formularen egokitasuna zalantzan jartzen dutelako.

EH Bilduk Trebiñuko auziari konponbidea aurkitzeko lan egingo du

Madrilen edozer erabakitzen dela ere, auziari konponbidea aurkitzeko lan egingo duela adierazi du EH Bilduk.

Lege proposamenaren onarpena errazteko eta Trebiñuko herritarren gehiengoaren borondateari bidea emateko eskatu die EH Bilduk diputatuei. "Trebiñuko herritarrak Arabako parte dira eta arabar sentitzen dira", gaineratu du koalizioak.

EH Bilduren iritziz, Diputatuen Kongresuaren balizko baiezko batek behin betiko konponbidea azkartuko luke, bana ezetzak ez lioke aterik itxiko konponbideari. "EH Bilduren konpromisoa argia da: Madrilen erabakia edozein dela ere, auziari behin betiko konponbidea aurkitzeko lanean jarraituko dugu", gaineratu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea