Politika -
Estreinaldia
'Zohardia', Josu Muguruzari buruzko dokumentala, estreinatu dute
Bilboko Campos Eliseos Antzokian eman dute dokumentala. Asteazkenean beteko dira 25 urte Josu Muguruza HBko diputatua Madrilen tiroz hil zutela.
Erredakzioa
Zohardia, Josu Muguruza Herri Batasuneko buruzagia izandakoaren bizitza jasotzen duen dokumentala, gaur estreinatu dute jendaurrean Bilboko Campos Eliseos Antzokian, 19:30ean. Lander Iruinek eta Markel Andiak zuzendu dute lana.
Asteazkenean beteko dira 25 urte Muguruza hil zutela; Madrilgo Alcala Hotelean hil zuten, tiroz, HBko kidea, Espainiako Kongresurako diputatu-egiaztagiria hartzera zihoala, lankide batzuekin batera.
Euskadi Irratian egin dioten elkarrizketan, Lander Iruinek nabarmendu du Muguruzak egindako lanaren berri ematea dela lan honen helburua. "Josuren alde humanoaren berri eman nahi du. Hasieratik garbi izan dugu ez genuela dokumentala Josuren bizitzako azken kapitulura mugatu nahi; alegia, tiroz hil zuten diputatuaren istorioa, hala gogoratzen baitute gaur egungo gazte askok. Bere bizitzari errepasoa egin nahi izan diogu, berak egindako lanari eta bere konpromiso politikoari garrantzia eman nahi izan diogu", zehaztu du.
Besteak beste, Muguruzak kazetari bezala egindako lana nabarmendu dute dokumentalean. Dokumentalari jartzeko aukeratutako izena, Zohardia, ezker abertzaleko buruzagiak Egin egunkarian bere kronikak izenpetzeko erabiltzen zuen goitizena da.
Hainbat lagunen lekukotzek osatzen dute dokumentala. Muguruzaren alde profesionala, pertsonala edota politikoa gertatutik ezagutu zutenen hitzokin osatutako istorioa da. Hala, besteak beste, Mertxe Aizpurua, Teresa Toda, Martin Garitano eta Iñaki Altuna kazetarien hitzak entzun ahal izango dira bertan, baita Iñaki Esnaola eta Iñigo Iruin abokatuenak, Fermin Muruguza musikariarenak eta Xabier Arzalluz jeltzale historikoarenak ere.
Sortu: "Estatuaren terrorismoak hildako pertsona"
Independentzia lortzeko bide propioa egin behar dutela azpimarratu du Pernando Barrena Sortuko bozeramaileak. Barrenaren ahotan, “hutsetik, apriorismorik gabe, bidea egiteko prest dauden guztiekin” hitz egiteko eta adosteko borondatea du ezker abertzaleak.
Barrena Muguruzaren bizitza jasotzen duen dokumentalaren aurkezpenean izan da arratsaldean, Bilbon, ezker abertzaleko beste buruzagi batzuekin batera. Muguruza “Estatuaren terrorismoak hil” zuela salatu du Sortuko bozeramaileak. Era berean, Joseba Egibar eta Xabier Arzalluz EAJko kideak estreinaldian izan dira.
“Estatuaren terrorismoaz hitz egiten dugunean, Espainiako Estatuaz hitz egin behar dugu; izan ere, eskura izan dituen baliabide guztiak erabili ditu ezker abertzalea ezabatzeko, herri hau aske izatea eta askatasuna lortzea eragozteko; eta horretarako Estatu terrorismoa eta salbuespen legediak erabili ditu. Horrela, alderdiak legez kanpo utzi ditu Estatuak, eta euskal herritarren eta kataluniarren oinarrizko eskubideak sistematikoki ukatu ditu, erabakitzeko eskubidea esaterako”, azaldu du.