Politika -
Prozedura kriminaleko legea
Catala: 'Ez da zentzuzkoa inputatuei politika uzteko eskatzea'
“Akusazioa egiten denean, ez inputazioa”, hau da, “ahozko epaiketa hastean”, politikariek kargua uztea ezarriko du PPren Gobernuak, ministroak azaldu duenez.
Erredakzioa
Rafael Catala Justizia ministroaren ustean, kargudunek kargua utzi beharko lukete euren kontrako ahozko epaiketa hasten denean, eta ez “inputazio hutsa” jasotzen badute, ez delako “zentzuzkoa” politika uzteko eskatzea inputatuta izate hutsagatik.
La Razón egunkariak argitaratutako elkarrizketa batean, “akusazioa egiten denean, ez inputazioa”, hau da, “ahozko epaiketa hastean”, politikariek kargua uztea ezarriko du PPren Gobernuak, onartuko duten prozedura kriminaleko legean, azaldu du ministroak.
“Inputatu izateak ez du esan nahi akusaziorik egin denik”, baizik eta epailearen aurrean aurkeztu behar dela zenbait akusazioren inguruan azalpenak emateko. Gainera, Catalak gogoratu duenez, RAE ere gogoeta egiten ari da horren inguruan, “errealitatearekin bat datorren” izena topatzeko, prozesu batean duen esanahia bestelakoa baita.
Justizia ministroaren iritzian, bestalde, Fiskaltzari dagokio Katalunian azaroaren 9an “Generalitateak kudeatutakoa” parte-hartze prozesuan deliturik egin ote zuten zehaztea.
“Guk uste dugu Auzitegi Konstituzionalak ezarritako debekua urratzen duela”, eta, gainera, “hiritarren zergen bidez jasotako dirutza” xahutu dute hori egiteko, ministroaren arabera.