Politika -

Polemikaren osteko neurria

Kongresuak hiru hilabetean behin emango du diputatuen bidaien berri

Hiru bidaia mota ezarri dituzte: ekitaldi politikoetara joateko; bizilekura joateko eta Kongresuaren bidaia ofizialak. Lehenengoen kasuan, alderdiari abisatu behar diote, gainerakoetan, Kongresuari.

Kongresuak hiru hilabetean behin emango du diputatuen bidaien berri

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Diputatuen Kongresuak hiru hilabetean behin emango du diputatuen bidaien berri (Ganbera horrek ordaintzen dituenak), ekitaldi politikoetara joateko, bizilekura itzultzeko edo Kongresuaren bidaia ofizialak izanda gorabehera.

Ordezkaritza duten talde politiko nagusiek adostutako akordioaren berritasun nabarmenena da. Asmoa diputatuen bidaien gainean kontrol sistema bat ezartzea da, Jose Antonio Monago senatari izan zen garaian Kanarietara egindako bidaiek sortutako polemikaren ostean.

Aipatutako kontrol sistema Kongresuaren ezohiko Mahai batek berretsi behar du, Bozeramaleen Batzordeak esandakoa entzun eta gero, eta hiru bidaia mota bereizi dituzte.

Batetik, diputatuek haien bizilekura egindako bidaiak lirateke, eta Ganberako Barne Gobernuari haien berri eman beharko diote.

Alderdien ekitaldietan izateko bidaiei dagokienez, diputatuek norberaren taldeari informatu beharko diete, 15 eguneko epean, eta alderdiak bidaiari oniritzia eman beharko dio. Alderdiak bidaia ez badu baimentzen, diputatuak bere poltsikotik ordaindu beharko du.

Kongresuaren ordezkaritza ofizialen baitan egindako bidaiak, hala Espainiaren mugen artean egindakoak, nola nazioartekoak, Ganberak baimendu beharko ditu, orain arte bezala.

Edonola ere, ez dute onartu Kongresuak diputatu bakoitzaren gastuaren zehaztasunak ematea.

Horrenbestez, Kongresuko taldeek baimendu beharko dute ekitaldi politikoetara, mitinetara edo batzarretara joatea; edozein modutan ere, Kongresuak ordaintzen jarraituko du, alderdiak diputatuaren bidaiak babesten baditu.

“Euren artean negoziatutakoa”

Aitor Esteban EAJren Kongresuko bozeramaleak kritikatu egin du PPk eta PSOEk euren artean soilik negoziatu izana diputatuen bidaien gaineko kontrol sistema; halere, zirtatu du bere alderdiak ez duela neurria “oztopatuko”.

Kongresuan bertan egindako adierazpenetan, Estebanek adierazi du ez zuela izan PPren eta PSOEren artean “prestatutako” neurriaren berri atzo, astelehena, 19:00ak arte.

“Aspirina bat”

Rosa Diez UPyDren bozeramalearen iritzian, Kongresuaren neurria infekzio bati “aspirina” batekin aurre egitea bezalakoa da, eta ez datoz bat, inolaz ere, hiritarrek gardentasuna eta hurbiltasuna areagotzeko egindako eskariekin.

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Diputatuen Kongresua azken ordukoa Politika albisteak Alderdi politikoak albisteak Ustezko ustelkeria politikoa