Politika -
Segurtasun Indarren kontrolak
'Euskal herritarrek kontrolengatik duten haserrea helarazi dugu'
Segurtasun sailburuaren arabera, Estatuko Segurtasun Indarren kontrolak 'ez dira ulertzekoak' eta 'traba handiak egiten dizkiete herritarrei'.
Erredakzioa
Estatuko Segurtasun Indarrek Euskal Herrian "askotan justifikaziorik gabe" egiten dituzten kontrol ugari horiengatik euskal herritarrek duten haserrea helarazi dio Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak Espainiako Barne Ministerioari, Estefania Beltran de Heredia Segurtasun sailburuak adierazi duenez. Horren esanetan, kontrolak "ez dira ulertzekoak" eta "traba handiak egiten dizkiete herritarrei".
Segurtasun sailburuak hainbatetan salatu izan du Estatuko Segurtasun Indarrek Euskal Autonomia Erkidegoan kontrolak egitea, eta gaur gaineratu du bere sailak ez dituela ulertzen eta ezin duela azalpenik eman. Halaber, kontrol horien helburuak zeintzuk diren ez zaiela "beti" jakinarazten salatu du.
"Euskal herritarrek kontrol horiengatik duten haserrea helarazi dugu, kontrol horiek askotan arrazoigabeak dira eta traba handiak eragiten dituzte eguneroko bide zirkulazioan, kontrolak jartzen dituzten toki eta orduengatik", azaldu du. Horren ustez, herritar askok kontrol batekin egiten dute topo autobian, etxera bidean, eta "lineako autobusak nola gelditzen dituzten eta barrua nola erregistratzen duten ikusten dute". "Ez dira ulertzekoak herritarrei eragiten dizkieten eragozpenak", azpimarratu du.
Onda Vasca irrati kateari eskainitako elkarrizketan adierazi duenez, Jorge Fernandez Diaz Espainiako Barne ministroarekin duen harremana "adeitsua" da, baina "ez da batere eraginkorra".
Horren hitzetan, Barne Ministerioak ez du oraindik Segurtasun Batzordearen bilerarik deitu, eta hari dagokio segurtasun alorreko gaiak erabaki behar diren organoaren batzarra deitzea.
Haren hitzetan, "alor teknikoan hainbat gai jorratzen ari dira, baina horiek ikuspuntu politikotik landu beharko lirateke batzorde horretan gaiek behar duten bultzada hori emateko".