Politika -

Katalunia

Katalana irakas-hizkuntza dela esan du Gorenak

Auzitegi Gorenaren ustez, katalana irakas-hizkuntza bezala onartuta, ez da gaztelania baztertzen eta ez da hizkuntza bat bestearen gainetik jartzen.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Auzitegi Gorenak esan du katalana irakas-hizkuntza dela Kataluniako hezkuntza zentroetan, Generalitateko Hezkuntza Kontseilaritzaren 155/2010 dekretuak jasotzen duena berretsiz.

Dekretu horren aurkako administrazio auzi-errekurtsoa jarri zuen 2012an Impulso Ciudadano elkarteak Kataluniako Justizia Auzitegi Nagusian, gaztelera irakas-hizkuntza bezala aitortzen ez zuelako. Auzitegi horrek iaz kaleratutako ebazpen baten bidez, baliogabe utzi zuen errekurtsoa. Ondorioz, Impulso Ciudadanok Gorenera jo zuen, eta horrek ere  atzera bota du helegitea.

Auzitegi Gorenaren arabera, auzibidean jarri den artikuluak katalana irakas-hizkuntza izatea bermatzen du, gaztelera baztertu gabe, Espainiako Konstituzioaren arauak betez.

Bestalde, Gorenaren hitzetan, katalana ikastetxeetan erabili ohi den hizkuntza dela aipatzen du dekretuak. "Dekretuak ez du gaztelera baztertzen Kataluniako hezkuntza zentroetan eta ez du hizkuntza bat bestearen gainetik jartzen", zehaztu du Auzitegiak.

Konstituzioak koofizialtasunaren inguruan jasotzen duena ekarri du gogora Gorenak ebazpenean. Horren arabera, erkidegoek euren dekretuetan hizkuntza bat aipatzen dutenean, kasu honetan katalana, ez dute zertan aipamen bera halabeharrez gaztelera aintzat hartuta egin behar.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Katalunia